GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lander Fernandez Estatu espainolera estraditatu du Italiak

Italiako Polizia goizean goiz joan zen Lander Fernandez Santutxuko bizilagunaren bila Erromako bere etxera, ostiralean Auzitegi Gorenak berretsitako estradizio erabakia gauzatzeko. Lander Libero mugimenduko kideak jada bertan ziren gaztea eraman ez zezaten. Negoziazio luzearen ostean polizia-etxera eraman zuten eta ordu batzuk beranduago Campino aireportura, Madrilera bidean jartzeko.

p015_f02.jpg

GARA | ERROMA

Lander Fernandez Estatu espainolera estraditatu zuen atzo Italiak, Efe albiste agentziak aipatzen zituen iturri judizialen arabera. Horiek zehaztu zutenez, arratsaldeko lehen orduan Italiako Poliziak Erromako Campino aireportura eraman zuen Santutxuko gaztea eta handik Madrilerako bidean jarri zuten, hegazkin batean.

Haren egoeraren zain ziren gaztearen lagunak, ordu batzuk lehenago bere Erromako etxetik polizia-etxera eraman ostean ez baitzekiten gaztearekin zer gertatuko zen. Italiako Justizia Ministroak Espainiaratzea sinatuko ez zuen esperantza zuten. Izatez, NAIZ-i gertukoek adierazi ziotenez, gaztea berriz ere etxera itzuliko zela esan zieten polizia-etxera eraman zutenean.

Joan den urtarrilaren 15ean, Erromako Auzitegiak Fernandezen estradizioa onartu zuen. Auzitegi Gorenean jarri zuen orduan erabaki horren aurkako helegitea eta epaitegi honek ostiralean jakinarazi zuen bere erabakia. Bilboko gaztea Espainiaratzeko agindua berretsi zuen eta epaiketaren gastuak bere gain har ditzan behartu, gainera.

Elkartasun keinuak

Goizean 20 polizia inguru bertaratu ziren Fernandezen etxera hura atxilotzeko helburuarekin. Hori ekiditeko, 60 lagun batu ziren atarian eta beste 30 pertsonak «herri harresia» osatu zuten santutxuarraren inguruan. Bi abokatu eta bi parlamentari ere batu ziren protesta ekimen honetara.

Azkenean, negoziazio luze baten ostean, Fernandez bere abokatuaren autoan irten zen bere etxetik, bertaratutako lagunek «Lander askatu!» italieraz oihukatzen zuten bitartean.

Pasa den udaz geroztik etxeko atxiloaldian zegoen Fernandez, Auzitegi Nazional espainolak igorritako euroagindua tarteko ekainaren 13an atxilotua izan ostean.

Euskaldunaren kasua salatzeko Lander Libero mugimendua eratu da Italiako hiriburuan eta, atzokoaz gainera, beste ekimen batzuk ere egin dituzte haren atxilotze eta estradizioa geldiarazteko.

Bestalde, atzo eguerdian manifestazioa egin zen Antsoainen Artzai Santestebanen kontrako epaiketa salatzeko. Gaztea maiatzaren 7an epaituko dute Auzitegi Nazionalean. Salatu dutenez, haren kontra dituzten froga bakarrak, beste gazte batzuek «inkomunikazio aldian eta torturapean» egindako adierazpenak dira, eta horregatik atzoko ekitaldian bereziki nabarmendu zuten tortura amaitzeko premia. Gazteen aurkako eraso horien kontra «herri harresiak» eraikitzeko beharra ere aldarrikatu nahi izan zuten. Santestebanena ez da, izan ere, gisa horretako kasu bakarra.

Hamalau gazte

Salatu zutenez, Antsoaingo 14 herritarrek jasan dute errepresioa eta guztien artean 67 urteko kartzela zigor eskaera dute. Era berean, abokatuak eta fidantzak ordaintzen 120.000 euro baino gehiago gastatu dituzte. Guztiei elkartasuna adierazi nahi izan zieten atzo.

Herri harresia

60 lagun bildu ziren Fernandezen etxe atarian eta beste 30 bere inguruan.«Lander libero» oihuak entzuten zirela atera zen gaztea bere etxetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo