GARA > Idatzia > Kultura

Ternuara joaten ziren baleazaleen abenturak

Historia du oinarrian «El último arpón» (Pàmies) Gaizka Arostegiren azken liburuak, baina ez da historia liburu bat, abenturaz jositakoa baizik, Euskal Herriko azkenetariko euskal baleazaleekin abiatzen den gazte aberats baten begietatik kontatutakoak.
p054_f02.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Donostian kokatu du Gaizka Arostegik bere nobela berriko istorioa, eta azken baleazaleen abenturak dakarzkigu «El último arpón» (Pàmies) izeneko liburuan. Horretarako, Donostiatik Madrilera joandako familia aberats baten semea ihesean bere zurtoinen herrira eramango du. Bertan, zoriari jarraituz, Gloria itsasontziko eskifaiarekin batera Ternuarantz joango da, baleak harrapatzera.

Donostiako sutearen eta berreraikitzearen bigarren mendeurrena aurten ospatzen delarik, hiriaren kontu zaharrak kontatzen dituen istorio bat kaleratzeak aproposa dirudi. Are gehiago, 2016ko Kultur Hiriburutzaren ospakizunen baitan San Juan baleontzia berreraikiko dutela kontuan izanik, baleazaleei buruz idaztea. Idazleak, ordea, argi utzi zigun kasualitate hutsa izan dela. «Aspaldi hasi nintzen nobela hau idazten, baina lana dela eta haurrak direla, luzatu egin zen. Tartean, beste bi liburu idatzi ditut haur eta gazte literaturakoak; beraz, ez dut nahita egin -azaldu zigun-, baina Donostiaren memoriaren alde nire zatia egin badezaket, hobeto».

Bere esanetan, badaude euskal historian gai batzuk azken urteetan asko ikertu direnak baina gutxi «nobelizatu» direnak. Adibidez, Baztango agoteena («El agote», Ttarttalo, 2003) edota orain hautatu duen baleazaleena. «Historia asko gustatzen zait, batez ere, euskal historia», bota zuen. Baina «El último arpón» ez da nobela historiko bat, baizik eta bidaia kontakizun bat. Telmo Esnal gaztearen gorabeherak kontatzen dira, eta honen begietatik 1635. urte inguruko Donostiako gizartearen berri izango dugu. Era berean, hogei urte lehenago gertatzen den beste istorio bat kontatzen du, paraleloki; Benjamin Scolum kapitainarena, Karibeko Dortoka irla ospetsura iristen dena.

Finean, abentura nobela bat da Arostegik idatzitako azkena. «Nire asmoa jendea entretenitzea da, ondo pasaraztea», aipatu zuen. Horregatik, elkarrizketaz jositako testua egin du, baina garaian erabiltzen zuten hizkuntza mantenduz (oraingoz gazteleraz besterik ez dute kaleratu).

Aurretik aipatutako protagonistaren izena ezaguna egingo zaio askori. Telmo Esnal euskal zinema zuzendaria da, baina izen hori aukeratu izana ere kasualitatea da. «Nire lagunen izenak eta izaerak erabili nahi nituen hauei omenalditxo bat egiteko. Esnal jada hil zen nire lagun minaren abizena zen, eta Telmo beste lagun minaren izena», aitortu zuen.

Ternuara azken bidaiak

Horrez gain, kontakizunean arreta deitzen duen beste elementu bat deskribapenak dira. Garai bateko Donostia nolakoa zen irudikatu dezakegu eta bertako kaleetan ibili. «Oso maniatikoa naiz eta dokumentazio asko biltzen dut idazten hasi aurretik. Carlos IV.a Donostian izan zenean bere eskribauak zehazki deskribatu zuen hiria, eta informazio horretaz baliatu naiz».

Izenburuak nahikoa informazio ematen digu, azken arpoi horrek arrantzatu ziren azken baleei egiten baitie erreferentzia. Idazlearen esanetan, «nobela aurreko belaunaldian kokatu izan banu, une gorenean egongo lirateke eta istorioa guztiz desberdina izango zen, baina garai honetan kokatzean nabaritzen da gainbehera». Ordurako jada baleak kainoikadekin hiltzen zituzten, Benito Lertxundik «Balearen bertsoak» kantan horren berri ematen duen bezala.

KONTALARIA

Portugaletekoa da Gaizka Arostegi eta telebistako argi teknikaria da ofizioz. Afizioz, ordea, istorioak sortu eta kontatzea gustatzen zaio. Horregatik, hainbat film labur zuzendu eta liburu idatzi ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo