GARA > Idatzia > Kultura

Agirretxe eta Ubierna protagonista, Gipuzkoako XI. Dantza Sarietan

Ion Agirretxe gaztea eta Elvira Ubierna irakaslea izan ziren atzo protagonista Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak antolatutako XI. Dantza Sarietan. Lehenari dantzari berri onenaren saria eman zioten eta, bigarrenari, aldiz, Dedikazioa saria. Sariengatik hunkituta, biek ala biek eskaini zuten dantza saio bat: hastapen garaietako aurreskua ekarri zuen gogora lehenak, eta dantza ikaslez inguratuta dantzatu zuen bigarrenak.

p052_f01.jpg

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Ezustekoz betea izan zen atzo Donostiako udaletxeko Pleno Aretoan egin zen XI. Dantza Sarien ekitaldia. Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak Ion Agirretxe dantzari gaztea eta Elvira Ubierna irakaslea omendu zituen batari dantzari berri onenaren saria eta besteari Dedikazioa sariak eskainiz, baina sari banaketako programa motz geratu eta sarituen senitarteko, dantza arloko kideek eta lagunek ekitaldia zabaldu eta euren omenaldi pertsonalak egiteko tartea ere hartu zuten.

Hizlariek ekitaldia hasi orduko nabarmendu zuten udaletxeko Pleno Aretoan «familia giroa» sumatzen zela eta, behinola, gela hura Kasinoko dantzaleku izan zela ekarri zuten gogora: «Sei urtetan ekitaldi hau Antzoki Zaharrean ospatu ostean, gure leku naturalera itzuli gara», nabarmendu zuten, eta Dantzaren Nazioarteko Egunerako Lin Hwai-min dantzari eta koreografo taiwandarrak egindako manifestuaren zati bat ere irakurri zuten: «Goazen, itzali telebista, deskonektatu ordenagailua eta etorri dantzatzera». Eta halaxe egin zuten: taula gainera igotzen lehenak Bamboodance eskolako ikasleak izan ziren, Eider Rodrigezen «Bamcboo 212» koreografia freskoarekin. Kutsu tradizionalagoa eskaini zuten Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolako eskolakoek Coral Lopez-Castellanosen «G suitea»rekin, eta lehen ezustekoa Rebeca Aranzadiren ikasleek eman zuten: publikoari irribarrea ostu zieten aretoko dantzari gazteenak ziren hauek eta, euren emanaldia amaitu aurretik, Elvira Ubierna eurekin dantzatzera gonbidatu zuten. Baita lortu ere: 71 urterekin, oraindik dantzarako grina baduela erakutsi zuen.

Ibilbide oparoak

Emanaldiei amaiera emanda iritsi zen sarituak aurkezteko unea. Ion Agirretxek euskal dantzetan hasi zuen bere ibilbidea eta gerora Mentxu Medelen ikasle izan zen. 2002an Gipuzkoako Aurresku Txapeldun izan zen eta, Madrilen dantza klasikoko ikasketak amaituta, dantzari gazteei goi mailako trebakuntza eskaintzen dien Europa Danseko bi ediziotan izan zen. Hainbat dantza estudiotatik pasa eta ekitaldi askotan hartu du parte, zenbait obraren sorreran hartu du parte eta bere karreraren zati handiena Barcelona Balleten eman du. Egun, Flandeseko Errege Balletean dabil.

Ubierna, bestalde, 20 urte zituela hasi zen dantzatzen, Maria Teresa Fagoagarekin (2001n berari eman zioten Dedikazio saria). Hari esker bilakatu zen dantza irakasle, Tolosan lehenik eta Hondarribian zabaldu zuen eskolan beranduago. Hainbat dantzari profesionalen irakasle izan da, Sonia Goikoetxea eta Itziar Mendizabal tarteko. 71 urterekin, dantza eskolak hartzen jarraitzen du. Hain justu, bere ikasleak ekarri zuen ekitaldiko bigarren sorpresa: Londresetik bidalitako ikus-entzunezko batean, Mendizabalek bere ibilbideagatik eskerrak eman zizkion Ubiernari, «zu gabe ez bainintzen honaino iritsiko».

Hirugarren sorpresa bertso formatuan etorri zen, biak ondo ezagutzen dituen Joxean Agirretxeren eskutik.

Hitza hartuta, Agirretxek elkartearen jarduna, familiaren babesa eta Mentxu Medelek irakatsitakoa eskertu zituen: «Berarekin ikasi bainuen gauza zailenak ez direla politenak; politenak ondo egindako gauza sinpleak dira, hor dago elengantzia». Ubiernak, bestalde, hunkiduragatik «hankak dardarka» zituela adierazi eta han bildu zirenei beti dantzan jarraitzeko gonbita egin zien.

Eta, amaitu aurretik, sarituetako batek eman zuen azken sorpresa: Ion Agirretxek Udal Bandako txistulariei aurreskua jo zezatela eskatu eta publikoak eskertu zuen dantza saioa eskaini zien bertan bildutakoei.

ARTISTA BERRIA

Ion Agirretxek euskal dantzan hasi zuen bere ibilbidea, 1999an. Mentxu Medelen ikasle izan zenean ikasi omen zuen «elegantzia sinpletasunak ekartzen duela». Egun, Flandeseko Errege Balletean dabil.

IBILBIDEARI SARIA

Elvira Ubierna Tolosan hasi zen dantza eskolak ematen eta Hondarribian zabaldu zuen bere eskola, 1981ean. Dantzari profesionalen irakasle izana da eta, egun, 71 urterekin oraindik dantza eskolak hartzen jarraitzen du.

Gala en Donostia y «asaltos de danza» en Bilbo

Alrededor del día internacional de la danza, que se celebra mañana, día 29, hay todo tipo de actividades. En Donostia, por ejemplo, se cierra hoy el Mes de la Danza con la XVII. Gala del Día Internacional de la Danza (19.30, Teatro Victoria Eugenia). En Bilbo, los actos serán al mediodía. Por un lado, el Museo de Bellas Artes será escenario (12.00) de «Asaltos de Danza», un proyecto de dinamización museística que se llevará a cabo en diferentes ciudades y que son breves piezas, aparentemente espontáneas, que surgen de la multitud. Paralelamente, la plaza del Arriaga albergará unas clases de lindy hop, claqué, danza africana y flamenco, que finalizarán con una jam session. A. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo