GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Euskal Herriko Ahotsak, gure memoria historikoaren lekuko

Gure memoria historiko eta kulturala gorde nahian, Badihardugu elkartekoek beste urrats bat egin dute, Euskal Herriko Ahotsak ekimenaren bidez. Haiek bildutako ahozko nahiz ikusizko hamaika lekukotasun denok eskura ditugu orain «www.ahotsak.com» webgunean.

p053_f01.jpg

Koldo LANDALUZE | DONOSTIA

Duela 10 urte jarri zuten abian Euskal Herriko Ahotsak proiektua. Hasieratik, garbi zuten helburua: herririk herri joan eta, 80 urtetik gorako lekukoei elkarrizketak eginez, Euskal Herriko ahozko ondarea jasotzea. Lekukoen bizipenak jasotzen dituzte, bideoz, eta material guztia katalogatu ondoren, sarean jartzen dute, www.ahotsak.com webgunean kontsultagai. Horrela, herri hizkerak jasotzeaz gain, herriko historia, antzinako ohiturak eta memoria historikoa ere jasota uzten dituzte. Ekimen horren arduradunetako bat da Asier Sarasua, eta GARAri adierazi dionez, «Euskal Herriko Ahotsak proiektuan ehunka kilometro egin ditugu, eta beste horrenbeste lagun elkarrizketatu. Joan-etorri horietan hainbat gai jorratu ditugu, baina 1936ko gerra zibila da gure lekukoek gehien aipatzen duten kontuetako bat». Horretaz ohartuta, eta herritarren artean ere interes handia eragiten duen gaia dela jakinik, pentsatu zuten ona litzatekeela 36ko gerrako lekukotasunak jasoko lituzkeen webgune berezitu bat sortzea; alegia, www.ahotsak.com webgunean argitaratuak dituzten bideo guztien artean gerrari buruzkoak aukeratu eta aparte erakustea, memoria historikoarekin lotutako gaietan interesa dutenek erraz aurkitze aldera. Horrelaxe jaio zen http://gerra.ahotsak.com.

Egunotan, 1937ko udaberrian gertatutako bonbardaketak gogorarazten dizkigu Euskal Herriko Ahotsak proiektuak: Durangokoak, Eibarkoak, Gernikakoak, Bilbokoak... Guztiz une aproposa gertakizun haien protagonista izan zirenen ahotsak bistaratu eta guztion eskura jartzeko.

Sarasuaren esanetan, «gerra bizi izan zuten haien lekukotasuna jasotzea» da ekimenaren xede nagusia. «Lekukotasun gertuko eta zuzena, gainera. Euskal Herriko Ahotsak proiektuan jasotako testigantzen artean gerrarekin zerikusia duten interesgarrienak bildu eta `Gerrako Ahotsak' izeneko webgune honetara ekarri ditugu. Bi hitz aipatzekotan -jarraitu du-, memoria eta transmisioa aipatuko genituzke. Horiexek dira proiektuaren gakoak eta giltzak. Ez da gerraren alde militarraren inguruko webgunea. Hori baino gehiago, gerra zuzenean bizi izan zuten haur eta gazte haien bizipenak biltzen dituen webgune kaleidoskopikoa da, lekuko bakoitzak bere bizipenak kontatzen baitizkigu, oroimenaren filtrotik iragan ondoren».

Gerraren inguruko alorrik nabarmenenak batzen saiatu da Euskal Herriko Ahotsak, eta horietako bakoitzean hainbat lekukotasun ikusi eta entzuteko aukera izango dute bisitariek: gerra nola hasi zen, errepresioa, ondasunak galtzea, hildako senideen inguruko testigantzak, gerraren alderdi militar eta administratiboa, gerra osteko giroa... Erabiltzaileak informazioa atalka ikusi ahal izango du, gehien zer interesatzen zaion aukeratuta.

2.000 BIDEO

Une honetan 2.000 bideo pasarte inguru daude sarean. Guztira 6.000 minutu baino gehiago. Datozen hilabeteotan ere materiala lantzen eta sareratzen jarraituko du «www.ahotsak.com» webguneak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo