Berezkoen Binakako finala
Waltarik eta Harizmendik bikain amaitu dute lehiaketa
Lehen faseko partida guztiak galdu ostean, behar zen unean erreakzionatu eta txapela jantzi zuten.
WALTARI-HARIZMENDI 40
LARRETXEA-LANBERT 25
Jon LEUNDA
Ez zen ezusterik izan Berezkoen Binakako Txapelketan, eta faboritoek, Waltarik eta Harizmendik, aise irabazi zuten txapela atzo Baionan. Kubakoak eta Nafarroa Beherekoak oso hasiera txarra eman zioten lehiaketa honi. Lehen fasean azken amaitu zuten beren multzoan, baina burua altxatzen jakin dute, behar zen unean erreakzionatzen, eta amaieran txapela jantzi zuten. Waltari bikain aritu zen atzo, baina Harizmendik egin duen txapelketa, txapela kentzeko modukoa izan da.
Larretxeak eta Lanbertek iragarri zuten Waltariri ez ziotela jokoan sartzen utzi nahi, bestela irabaztea ezinezkoa izango zutela. Beraien asmoak hasieran bakarrik iraun zuen, baina berehala hartu zieten aurkariek gain.
Galtzaileak bikain hasi ziren. Aurrean Larretxea aginduz, eta atzean Lanbert Waltariri pilota kenduz, eta Harizmendirengan joko guztia jarriz, eta 0-5 aurreratu ziren. Ezusterik egon zitekeela ematen zuen, eta ahaztu gabe lehen fasean Larretxeak eta Lanbertek irabazi egin zietela faboritoei, baina ez zen pasa.
Itxaropenak ez zuen gehiegi iraun, 8 eta 8ko berdinketaren ostean, Kubakoak eta Nafarroa Beherekoak gain hartu baitzieten, eta 17-5eko partziala sartuz, markagailuan 25-13koa jarri zuten. Horrekin dena erabakita zegoela zirudien, eta amaieran horrelaxe izan zen.
Larretxea eta Lanbert saiatu ziren aurka zuten markagailuari buelta ematen, baina ez zen posible izan, faboritoek aldea ateratzen jarraitzen baitzuten. Waltarik aurrean min handia egin zuen. 13 tanto egin zituen saketik, baina zuzenean tantoa lortzen ez bazuen ere, hurrengo jokaldirako erraz uzten zuen. Atzean Harizmendik ere bere nagusitasuna erakutsi zuen, eta Larretxeak eta Lanbertek amore eman behar izan zuten, ez baitzuten beste ezertarako aukerarik izan. Aurtengoan, ordea, Thierry Harizmendi izan da lehiaketa erabaki duen pilotaria.