Kronika | Nafarroaren Eguna
Izpegiren bi aldeetatik eskuak luzaturik, Baigorrin topo
Elkar» hitza gakotzat hartuta, herriak elkarrekin sortzen direla aldarrikatu zuten atzo Baigorrin. Musika, dantza eta herri kirolak batu ziren, eta Adin desberdinetako lagunak, alde guztietatik etorriak, kalean egiten den besta berezi honetan nafar nortasuna oihukatzeko, munduari eta geure buruari.
Maider IANTZI
Amikuzetik Tuteraraino, Euskal Herri osoko, Nafarroa osoko jendea bildu zen mendi paisaia ikusgarriko eta etxe zuri-gorriko herri lasai batean. Goizetik hasita, hango eta hemengo lagunak biltzen eta kaleak betetzen joan ziren, eta bestak ordu ttikiak arte iraun zuen. Basaizea elkarteak antolatutako Kulturaldiari amaiera eman zion Nafarroa batuaren egunak, Izpegi mendiaren alde batekoen eta bertzekoen harremanak estutuz eta guztiak nafar, euskaldun direla aldarrikatuz.
«Betidanik izan dugu harreman handia baztandarrekin. Hemengo askok familia du Baztanen. Inoiz ez da mugarik izan guretzat», azaldu zuen Basaizeako Mikelek. Joaldun, txistulari, gaitero, dantzari eta kankailuen desfilea zebilen kalez kale, jendea oraindik lasai tragoa eta mokadua eskuan, mendizaleak iritsi berri makila eta guzti, tarteka zerura begira, eskertuta eta kontent eguraldi onagatik. Eguzki goxoa eta haize hotza txandakatzen ziren, azken hau sentitzen zen gehiago, baina eguerdian behintzat eusten ari zen euririk bota gabe eta ekitaldiak primeran egin ziren.
Info gunean, herritarrek bazkaritarako txartelak eskatzen zizkioten Mikeli. «Hamahiru gaituk azkenean»; «saiatuko nauk beste tiket bat atxemaitera». 1.200 lagun ziren bazkaltzeko.
Goizean, Iruñeko eta Beasaingo dantza taldeek emanaldia egin zuten Baigorrikoekin batera; arratsaldean, Lizarrakoek, Urretxukoek eta Otsagabikoek. Iruñeko eta Sakanako txarangak etorri ziren, eta Tutera, Baztan eta Leitzako musika taldeak.
Frontoirako bidean, Anhauzeko «basaldunekin» egin genuen topo. Duela zazpi urte hasi ziren inauteriak berpizten eta orain lau urte sortu zituzten pertsonaia hauek. «Hemen, barnealdean, jendea ez zela mugitzen sentitzen genuen, bizi osoa ematen zuela ezer dudan jarri gabe, eta basaren ideia hori eman nahi genuen: gure esku da mugitzea, ezohiko bidea hartzea». Eurek beti saihetseko bideetara jotzen dute eta Baigorriko desfilean ere hala zebiltzan, ostatuetara sartuz, jende artera.
Basaldun mutilek aker buruak eta hezurrak zeramatzaten buruan, aurpegia oihal beltzarekin estalita, eta joareak bizkarrean; neskek, aldiz, txilintxak edo zintzarriak astintzen zituzten eta zuriz jantzita zeuden, buruan lumak eta antifaza begietan, kontrapuntua jarriz.
GARArekin pixka bat egon eta saltoka jarraitu zuten aitzinera, zubian barna, haur eta gazteek. Besotik helduta dantzatzen ziren familiak. Mutiko bat aitatxiren bizkarrean zihoan aurpegia kremaz zuri-zuri eta begiak bi eguzki bezala dirdiraka, Txantreako zigante edo erraldoiengana zuzenduta. Begibakarra zen bat, Tartalo, eta ondoan zituen sorgina, Mari ederra eta Basajaun, ile lodiak aurpegia estaltzen ziola.
Beasaindarra, «flipatzen»
Elizaren ondoan kokatutako artisau postuetatik pasatu eta pilotalekua beteta zegoen ikusgarriaren zain, talo usain eta Nafarroako banderen artean. Bat-batean, irrintzi ozen bat aditu zen, ikaratzerainokoa. «Ez da harritzekoa hodei guztiak uxatzen baditugu!», bota zuen norbaitek.
Arrolako gazteekin hasi zen ikusgarria. «Ze polittek trajek!» zioen neska batek kolore desberdinetako oihalekin jositako gonei so. Irati eta Haizea Beasaindik etorri ziren dantzatzera. «Bi talde gara, Haurtzaka eta Ostadar, eta elkarrekin egingo ditugu hiru dantza, Talai, Txipiritona eta Uztai Txiki».
Iratik aurreneko aldia zuen besta honetan eta «flipatzen» ari zen: «Paisaia oso desberdina da Goierrirekin konparatuta, etxe zuriekin, hizkuntzak ere beste xarma bat du...». «Jendea gogoz dago. Euskal giroa eta kultura bultzatzeko gauza polita da, baita leku desberdinetan urtean zer lan egiten den ikusteko ere», erantsi zuen Haizeak.
Denak plazara dantzara elkarrekin ateraz bukatu zen ikusgarria. «Elkar» hitz gakoa berriro. Mixel Airek, Xalbadorren semeak, kontatu zuen muga orain baino bortitzagoa zen garaia ere ezagutu zuela, orain errazagoa dela elgarretaratzea eta horregatik pozik dagoela. Basaizeakoek ekitaldian erran zuten: «Bide onetik goaz»