GARA > Idatzia > Ekonomia

«Herriko», Euskal Herriko gariarekin egindako ogia okindegietan salgai

Ipar Euskal Herriko gari ereileak, okinak eta Uztaritzeko errota batu dira «Herriko» izeneko ogia sortzeko. Atzodanik, ogia salgai dago hogei bat okindegitan. Bertan hazi eta landutako gariarekin egindako ogia da.

p022_F01.jpg

Ainize BUTRON | UZTARITZE

Duela hirurogei bat urte ba omen zegoen Ipar Euskal Herriko soroetan bihia. Laborantza intentsiboaren eskaerei erantzunez, bereziki Amikuze eskualdean artoa nagusitu zen eta labore aniztasuna desagertu. Artoak ureztatze behar handia duenez, laborariek eskaturik, Euskal Herriko Laborantza Ganberak alternatibak bilatzeko lantalde bat osatu zuen 2006an.

«Ondorioz, eki-lorea landatua izan da. Ondotik, 2009an, tokiko sare bat osatzeko asmoz Arki errota gurekin harremanetan jarri zen, garia bultzatzeko eskatuz», argitu zuen Arño Cachenaut Laborantza Ganberako ordezkariak.

Donapaleu eta Gabadi inguruko hamar laborari lotu dira proiektuari, eta ekoitzi duten lehen uztarekin, Euskal Herriko lehen «baguette» ogia egitea lortu dute okinek, eta «Herriko» izena eman diote.

«Bihiak bere zikloa neguan egiten du, hots, ura dagoen garaian. Artoa, berriz, uda bete-betean hazten da eta ur beharra handia du», argitu zuen, bere aldetik, Felix Noblia laborariak.

Arki errota bitartekari zutela, laborariak zuzenean okinekin elkarlanean aritu dira hiru urteotan, ogia egin ahal izateko bihi egokia ekoizteko helburuarekin. Nicole Auroy-Radulovic Arki errotako arduradunak eta egitasmoaren eramaileak honako hau azaldu zuen: «Duela zenbait urte, berriz ere, bihigintza bultzatzeko proiektua abiatu dugu errotan. Laborari eta okinekin baldintza-agirien inguruan lan egin dugu. Irin tradizionala, gehigarririk eta kontserbagarririk gabekoa egitea erabaki da».

Oraingoz ekoiztu den gari kopurua murritza da. Aurten, 200 tonako uzta izango dela aurreikusten dute laborariek. Egitasmoan parte hartzen ari diren hogeita bat okinek baliatzen duten irinaren %2 edo %5 baizik ez da hori. Izan ere, kilo bat irinekin bospasei «baguette» ogi egin daitezke.

2.000 tona

Alta, Nicole Auroy-Radulovicek uste du hamar laborarirekin abiatutako sustapen proiektu hau garatuz joango dela, eta urte batzuk barru, 2.000 tona gari ekoitziko direla aurreikusten du. «Gaur egun kopuruak oso mugatuak dira, baina laborari taldea bikoiztuko dela uste dugu», argitu zuen.

Hain zuzen ere, ostegunean, Uztaritzeko errotan egin zuten Euskal Herriko ogiaren aurkezpen ekitaldia, eta bertan zegoen Felix Nobliak nekazariei dei berezia zabaldu zien garia lantzen has daitezen.

«Ez dugu bihigintzaren teknikaren usaia, baina, behin teknika ikasitakoan, ez da zaila», zehaztu zuen. Horrenbestez, garia ekoizten ikasteko, Aveyron Estatu frantseseko eskualdean eramana izan den mota bereko egitasmoan inspiratu zirela aitortu zuen, bere aldetik, Cachenautek.

Ekoiztu den bihia ez balitz ogia egiteko baliatzen ahal, euskal pastiza edo bizkotxak egiteko erabiltzen ahalko zutela esan zuen, bere aldetik, François Devant Baionako okin eta okinen federazioko lehendakariak.

Baldintzak

Herriko labela izateko, baldintza-agirian finkatuak diren arau zorrotzak bete behar ditu irinak. Gehigarririk eta pestizidarik ez izateaz gain, errotako ziloetan sartzerakoan, irina ez da nahasia izan behar.

Prezioa gora

Gari gutxi ekoitzi dela-eta, okindegietan «Herriko» markapean salgai jarria izan den ogia garestiagoa da. Prezioa okinek finkatzen dute, baina bihi kopurua emendatu ahala prezioa merkatuko dela uste da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo