GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Ekintza zehatzak

Munduari bira eman dio Putinen atseginezko aurpegi txunditua jasotzen duen argazkiak, parean neska bat topless agertzeak eraginda. Ziurrenik, behin ustekabea gaindituta, agintari errusiarraren aurpegia dezente aldatuko zen, neskak bere bular biluzian «Diktadorea izorra dadila» baitzuen idatzita. Horra, zuzeneko mezu konkretua. Eta ingelesez, mundu osoan uler zedin. Protestaren zergatia, baina, ez da bere musua bezainbeste zabaldu, formak eraman du protagonismo osoa hedabideetan, horren jatorria beste baterako utzita. Harrigarria da oraindik ere titi pare batek beste guztia desagerrarazteko izan dezakeen indarra... zein begiradaren aurrean jarri.

Azkenaldian bolo-bolo dabilen Femen mugimendua, gisa horretako ekintza zehatzak gauzatzen dituena, ari da lortzen, behintzat, arreta bereganatzea, munduan emakumeen protestei eta protesta egiteko moduei erreparatzea, eta batik bat, horien eragile direnak, emakumeek, estutzen dituztenak ikusgai jartzea. Batzuek gaitzetsia, beste batzuek goraipatua, kolektibo horri ezin zaio ukatu xede duen oihartzuna lortu egiten duela. Titiak erakutsiz, bai, leloak eta aldarrikapenak azalean agertuz, bai, baina hedabideen eta besteren begiak, une batez bada ere, mezuak dioenari iltzatuta.

Egunkari honetan joan den astean argitaraturiko Izaro Gorostidi EHUko Zientzia Politiko irakaslearen artikuluak, besteak beste, munduko hainbat lekutako emakumeek aurrera eramandako zenbait protesta, ekintza, beren burua aldarrikatzeko modu aipatzen zituen. Hain desberdinak, tokian tokiko egoerari hain lotuak, edukian eta forman. Protesta egiteko biluzik agertzea ez baita gauza bera Berlinen edo Tunisian, esaterako. Herrialde horretan, hain zuzen, Facebook bidez hori egitera ausartu dena, 19 urteko Amina Tyler, ezkutatuta bizi da egun senideen bahiketa arriskutik ihes eginda. Ezkutuan, baina ez kikilduta, bere askatasunerako eskubideagatik borrokatzeko bidean are irmoago baizik.

Gauzak aldatzen ari dira, herrialde arabiarretan ere; gazteek ohikotasunez baliatzen dituzte komunikazioaren teknologiak, horiek elikatzen dituzten neurri berean elikatzen dira eurak haietatik, eta, ondorioz, formekin batera edukiak ere ari dira barneratzen, hedatzen. Eta ona da, ildo ideologiko bakarra ez dagoen bezala, ekintza bide bakarra ez egotea, irudimenari edo/eta ausardiari bide egiteko aukera izatea, eta, huts egin badaiteke ere, saiatzeko arnasa topatu ahal izatea.

Emakumeok, munduan, edonon, ekintzak behar ditugu. Norbanakoek eta kolektiboek eremu pribatu zein publikoan eginikoez harago, batik bat horien hartzaileen aldetik, gobernu, erakunde, hedabideetan boterea egikaritzen jarduten duten pertsonengandik (gizonezkoak gehien-gehienak). Ahaztu egiten baitzaigu instituzio horiek ez dutela berezko izaerarik eta pertsonek zuzentzen dituztela. Borondatea bata ala bestea izan dezaketen pertsonek. Guk erantzunak behar ditugu haiengandik, eta paperaz haragoko ekintza zehatzak. Horiei presio egiteko balioko duen oro, ongi etorria!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo