Astigarragako alkate ohi Mikel Zabalaren etxea enbargatu dute
Fidantza gisa enbargatu dute Mikel Zabala Astigarragako alkate ohiaren etxea. Udalak milioi erdi euro eskatzen dizkio Hamaikabat-eko kideari, alkate zela eta udalbatzari jakinarazi gabe sinatu zuen hirigintza akordio bat dela medio ordaindu behar izan zuen kalte-ordainagatik. Bilduren udal gobernuak iaz abiatu zuen prozesua, alkate ohiak «zabarkeria larria» egin zuela iritzita. Epaitegiek kautelarki prozesua eten badute ere, fidantza jarri behar duela berretsi dute.
GARA | ASTIGARRAGA
Astigarragako Udalak Mikel Zabala alkate ohiaren etxea enbargatu du, haren kontra abiatutako epai prozesuan fidantza gisa erabiltzeko. Bilduren Udal Gobernuak Zabalari milioi erdi euro eskatzeko prozesua abiatu zuen iaz, Zabalak sinatu eta bete gabe utzitako hitzarmen urbanistiko batengatik Udalak Elgopebi enpresari ordaindu behar izan zion zenbateko bera.
Enbargoa EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epai baten ondorio da, Donostiako epaitegiaren erabakiaren kontra Zabalak jarritako helegitea gaitzetsi baitu hark. Hiriburuko epaitegiak prozesua kautelarki etetea erabaki zuen, baina 416.000 euro ordaintzeko agindu zion kauzio gisa. Fidantza honekin Zabalak Astigarragako Udalak eskatzen dion 562.194 euroko ordainketa egin dezan bermatu nahi du.
Efe agentziak Zabalaren gertuko iturriak aipatuz azaldu duenez, Udalak jakinarazi dio Zabalari enbargoa, baina oraingoz bertan bizi da alkate ohia.
Kasuak 1995ean du jatorria. Zabalak -EAn zegoen garai hartan eta egun Buruntzaldeko Hamaikabaten koordinatzailea da- Elgopebi enpresako ordezkari Felix Elarrerekin akordio bat sinatu zuen, gainerako hautetsiei jakinarazi eta beharrezko txosten tekniko eta juridikoak lortu gabe. Akordio haren arabera, Urumea ibaiaren ibilguetatik urruntzeko enpresaren azalera 1.000 metroan «murriztu» zen eta trukean beste eremu batean lurrak emango zitzaizkion.
Hauteskundeen ostean akordioa publiko egin zen eta gaia udalbatzara eraman zen eztabaidatzeko. Akordioa ez zuen ontzat eman organo honek.
1999an Euskal Herritarrok-ek alkatetza lortu zuen eta Zabala eta Elarreren arteko akordioa baliogabea zela-eta, baiezkorik eman ez zuenez, ez zuela Udala konprometitzen iritzi zion. Izatez, Zabalak enpresari eskaini zion lur eremua ez zen Udalaren jabetzakoa. Elgopebi enpresak kasazio helegitea jarri zuen orduan.
Akordiorik lortu ezinda, epaitegietan amaitu zuen gaiak. 2003an EAEko Auzitegi Gorenak akordioa baliogabea zela onartu zuen, baina Udala 416.000 euro ordaintzera behartu zuen. Hala, Euskal Herritarrok-eko gobernuak kasazio helegitea jarri zuen.
2006an -EA eta EAJ koalizioan joan eta egun Hamaikabateko Bixente Arrizabalaga alkate zela- Udalaren helegitea baliogabetu zuten epaitegiek. Akordioak ezinezko izan zirenez, 2011n Udalak 562.194 euro ordaindu zituen, kalte-ordaina eta haren interesengatik.