GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

aizkora Urrezko lehiaketa

Nazabal eta Lopez hurrengo kanporaketan izango dira

Etxarrikoa izan zen onena, eta Lezaungoak segundo bat kendu zion Jauregiri.

p036_f01_148x96.jpg

Jon LEUNDA

Floren Nazabal eta Juanjo Lopez ziren atzo Etxarrin jokatu zen Urrezko Aizkorako kanporaketan aurrera egiteko bi faboritoak, eta Etxarrikoak eta Lezaungoak ez zuten hutsik egin, eta hurrengo kanporaketan izango dira. Antonio Senosiain eta Arkaitz Jauregi, berriz, kanpoan geratu ziren. Aizkolari bakoitzak bost lan ezberdin egin behar izan zituen, eta hor denetan azkarrena Floren Nazabal izan zen. Emozioa bigarren posturako izan zen, segundo bakar bateko aldea kendu baitzion Juanjo Lopezek Arkaitz Jauregiri.

45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen egin beharreko lehen lana. Hor, Nazabal izan zen onena, 31 kolpetan erdibitu baitzuen enborra. Bat gehiago behar izan zuen Senosiain I.ak. 34 behar izan zituen Lopezek, eta 44 kolpe, berriz, Jauregik.

Bigarren lanean, aizkolari bakoitzak 45 ontzako enborra moztu behar izan zuen, baina oraingoan erlojuz kontra izan zen. Hemen Jauregi izan zen onena, enborra 43 segundoan amaituta. Bat gehiago behar izan zuen Senosiain I.ak. 48 segundo behar izan zituen Nazabalek, eta 53 segundo, berriz, Juanjo Lopez nafarrak.

Hirugarren ekinaldian, berriro ere 45 ontzako enborra izan zuten aurrean, baina oraingoan gauzak zailagoak zituzten, enborra zutik jarrita izan baitzuten. Nazabal izan zen onena lan honetan, enborra 49 segundoan bota ostean, bigarren postuan Jauregi sailkatu zen, egurra minutu eta zazpi segundoan amaitu baitzuen; bi segundo gehiago behar izan zituen Juanjo Lopezek; eta 1.13 izan zen Senosiain I.aren denbora.

Erretiroa

Laugarren lanean, aizkolari bakoitzak 60 ontzako enborra bota behar izan zuen, eta egur hori etzanda jarrita zuten aurrean. Atzo moztu zuten handiena izan zen, eta Nazabal izan zen bera mozten azkarrena, 3 minutu eta 14 segundoan botata. Bigarren Jauregi sailkatu zen; arabarrak 3 minutu eta 28 segundo behar izan zituen enborra amaitzen. Azkena Lopez izan zen, 3 minutu eta 58 segundoko denbora eginda. Antonio Senosiain hirugarren izan zen, 3 minutu eta 27 segundoan bota baitzuen 60 ontzakoa, baina Olaguekoak hortxe amaitu zuen atzo bere jarduna. Zenbait arazo izan zituen, eta aurrera jarraitzea ezinezkoa egin zitzaion, eta hortxe hartu zuen atzoko erretiroa.

Olaguekoa lehiaketatik kanpo, hiru aizkolari geratzen ziren lehian, eta saio bakarra geratzen zen dena amaitzeko. Bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituen. Nazabalek hurrengo saiorako txartela ia eskuetan zeukan, baina borroka bigarren posturako zegoen. Ordura arte egindako lanen ostean, Jauregik 32 segundo kentzen zizkion Lopezi, baina Ilarduiakoak ezin izan zion zeukan aldeari eutsi.

Azkeneko lanean onena Nazabal izan zen, eta 11.28 izan zen bere denbora. Bigarren Lopez sailkatu zen, eta bere denbora 12.27 izan zen. Hirugarren Jauregi geratu zen, 13.00ko denbora eginez. Denera, Nazabal izan zen onena, eta 16.50 izan zen bere denbora. 19.01 izan zen Lopezen amaierako denbora, eta 19.02, berriz, Jauregirena.

Lazkaoko plazan izango da hurrengo saioa

Etzi eguerdian izango du jarraipena Urrezko Aizkorak. Lazkaoko plazan izango da saioa 13.00etan. Bertan Donato Larretxea, Ander Erasun, Jexuxmari Mujika eta Ugaitz Mugertza lehiatuko dira. Atzo bezalaxe, bost lan ezberdin egin beharko ditu aizkolari bakoitzak, eta amaieran lehen bi postuetan geratzen diren aizkolariek lortuko dute hurrengo faserako txartela.

Ordu erdi bat lehenago hasiko da ekinaldia, berriz, Gasteizen, Estibalizen, hantxe jokatuko baita 18 urtez azpikoen ligaxkako bigarren jardunaldia. Kañamares IV.a eta Larrea III.a neurtuko dira. Oier Kañamaresek irabaziko balu, finalerdietan sartuko da. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo