Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute Hiru sindikatuko Komunikazio arduraduna
Norabidea aldatzeko, gelditu
Kamioiak mugitzen baldin baditugu, egungo norabide berean mugituko da Euskal Herria, baina kamioiak gelditzen baldin baditugu, norabide aldaketa behartu dezakegu
Hego Euskal Herrian merkantzien lurreko garraioaren sektoreak 10.138 enpresa zituen 2009. urtean eta gehienak bost ibilgailu baino gutxiago zituzten garraiolari autonomoak ziren. Lau urte geroago sektoreak 1.400 garraio enpresa galdu ditu eta, aurreikuspenen arabera, hurrengo hilabeteetan garraio enpresak desagertzeko erritmoa azkartuko da eta urtea amaitu baino lehen garraio sektorearen laurden batek jarduera bukatutzat joko du. Aldi berean sektoreko lan baldintzak jasanezinak bilakatu dira eta sarri askotan sasiesklabotzarekin zerikusia dute lan duinarekin baino.
Hala kanpoko nahiz tokiko ehunka garraiolariak ere garraio kooperatiba faltsuetan lan egiten ari dira eta askok hilero 14.000 kilometroko lana egin ondoren 300 euro ziztrin eramaten dituzte etxera. Bitartekariak izugarri ugaldu dira, eta garraiolariaren lanaren %30-%50 artean eramaten dute kamioirik eraman gabe. Halaber, oso gutxi dira lanaren truke prezio duinak kobratzen dituzten garraiolariak, kostuak estaltzea lortzen dutenak eta euren negozioaren etorkizuna bermatu ahal dutenak.
Egoera honen aurrean garraiolari autonomoak ezin gara esku gurutzaturik egon. Aberastasuna eta lan duina sortzen dugunok eta gure etekin ekonomiko apurra gure herrian inbertitzen dugunok ordezkatuak izaten ari gara, eta gure ordez flotistak, bitartekariak eta multinazionalak gailentzen ari dira, autonomoak eta soldatapeko gidariak esplotatzeari esker prezioak jaistea lortzen dutenak eta lana kentzen digutenak. Ezin dugu etsi. Ezin dugu onartu gure herriko sare produktiboan ezinbestekoa den sektorea espekulatzaileen eskuetan uztea.
Maiatzaren 30erako euskal sindikatuek eta gizarte mugimenduek greba orokorrera deitu genuenean, kide batek esaten zuen bezala, galtzaileen itxaropen bakarra borroka kolektiboa da. Herri honetako langileek, autonomoek zein soldatapekoek, langabeek, etxekaleratzeen biktimek, iruzurrak jotakoek, ikasleek, lan etorkizunik ez duten gazteek, erretirorik gabeko erretiratuek, langabezia saririk gabeko langabeek.... dugun bide bakarra indarrak batu eta inposatzen zaizkigun politikei aurre egitea da eta, aldi berean, alternatiba soziala eta ekonomikoa eraikitzea herritarren gehiengoaren zerbitzura.
Alternatiba horren gakoetako bat merkantzien lurreko garraioaren berezko erregulazioa da, euskal garraiolari autonomoaren autoeraketa eta garraioaren egitura autogestionatuak bultzatu eta lagundu beharko lukeena. Liberalizazioaz mozorrotu den garraio sektorearen abandonuak ekarri du Hego Euskal Herrian garraio politika propioa ez garatzea. Hala, Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta diputazioek Europan eta Madrilen garraioaren lobbyek markatzen dituzten neurriak itsumustuan jarraitzen dituzte, garraiolari autonomoaren desagerpena bultzatzen dutela kontuan hartu gabe. Merkantzien lurreko ga- rraioaren sektorea kontrolatzeko flotistek eta multinazionalek zabalik duten borrokan politika dute euren alde.
Haatik, miseria inposatu nahi diguten elite politiko eta ekonomiko ustelduen biktimek aukera bat dugu modu kolektiboan, bateratuan eta elkartasunez jokatzen baldin badugu, eta garraiolari autonomook gure sekto- rearen etorkizuna bermatuko duen alternatiba ekonomikoaren eta sozialaren aldeko borrokan ezinbesteko papera jokatu ahal dugu. Azken finean, oraindik ere garraioa gure esku dago eta horrenbestez gure esku dago ere gauzak aldatzeko aukera. Kamioiak mugitzen baldin baditugu, egungo norabide berean mugituko da Euskal Herria, baina kamioiak gelditzen baldin baditugu, norabide aldaketa behartu dezakegu.