GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herrirak nazioartera zabaldu du maiatzaren 18ko Plazara! ekimenean parte hartzeko deia

p016_f02.jpg

M.P | BILBO

Herrira mugimenduak datorren maiatzaren 18an burutuko den Plazara! ekimenari begira agerraldia egin zuen atzo Bilbon, atzerrian dauden euskaldunei, eta oro har, nazioarteko komunitateari dei eginez, ekimen honetan aktiboki inplikatu daitezen.

Beñat Zarrabeitiak adierazi zuenez, euskal jendartearen gehiengoak «konponbidea eta bakea du helburu», eta bide horretan, «parte hartzea eta mobilizazioa ezinbestekoa dira». Horrez gain, Espainiako Gobernuak azkeneko hilabeteetan izandako jarrera salatu zuen, «immobilismotik inboluziorako bidean baita», eta hortaz, beharrezkotzat jo zuen «herritarrei lidertza eta protagonismoa eskaintzen dizkieten ekimenak artikulatu eta adostea».

Gizartearen parte-hartze aktibo horren ildotik antolatu dute Plazara! ekimena. Aldarria ez dute gure lurralde eremura mugatu nahi, «lau haizeetara» zabaldu nahi du Herrirak. Helburu horrekin, arrazoi bategatik edo besteagatik (lana, ikasketak, krisi ekonomikoaren ondorioengatik, familia kontuak, erbestea, diaspora) Euskal Herritik kanpo dauden euskaldun guztiak inplikatu nahi ditu ekimen honetan, «euren bizitokiko plazetara joan eta Euskal Herrian konponbideari eta bakeari aukera bat emateko garaia dela aldarrikatzeko».

Era berean, deialdi hau ez dute mugatu nahi atzerrian dauden euskaldunetara. Zarrabeitiak zehaztu zuenez, «munduan zehar elkartasuna helarazi nahi duten lagun guztiei gonbit bera luzatzen diegu. Irlandan edo Hegoafrikan suertatu bezala, espetxe politikaren aldaketa, konponbidea eta bakea erdiesteko garaia delako, eta munduan zehar aldarri honi ahotsa eta hauspoa ematea oso garrantzitsua delako».

Dagoeneko zenbait hiri edo herrialdetan, Bartzelonan, Bruselan edo Argentinan kasu, elkarretaratzeak egingo direla konfirmatuta dago. Halere, zerrenda hau luzatzeko lanean ari direla zehaztu zuen mugimenduak.

Elkarretaratzeak

Bestalde, euskal preso politikoen etxeratzea eskatzeko elkarretaratzeak egin zituzten atzo hainbat auzo eta herritan. Gernikan 29 pertsona batu ziren, Bermeon 21, Trintxerpen 9, Altsasun 40, Iurretan 28, Euban 13, Zaldibian 21, Ondarroan 60, Astigarragan 16, Sopelan 13, Laudion 43, Altzan 24, Otxarkoagan 21, Añorgan 7, eta Iruñean, PPren egoitzaren aurrean, 53 lagun batu ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo