GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Giorgio Armaniren izenean

Moda kontuak izaten dira, askotan, garrantzirik ematen ez diegun horiei janzten dizkiegunak. Modak. Gaur gori-gori daudenak eta bihar, ahaztuta, armairuaren hondoan hauts artean utziko ditugunak. Modan egon ginen orain urte batzuk kanpaidun galtzekin, baita lehenago ere, Martens-ak zangoetatik kendu ere egiten ez genituenean.

Orain, bada moda berri bat. «Ezkerabertzalizazioa» da. Zaborren aferari dagokionez bai behintzat. Badirudi EAJk markatu duela tendentzia, eta horren ondotik jaio dela moda berria. Euskal Herrian Cibelesik ez, baina bai hondakin modelo ugari.

Bandera kontua da Gipuzkoan gertatzen ari dena. Banderena, bai. Historikoki ezker abertzalearen sinbolo nagusi izan den herri galdeketa, erabakitzeko eskubidea, hitza edo dena delakoa bere egin nahi du zenbait sektorek.

«Ezkerabertzalizazioa» berria da, baina. Ez dira urte asko igaro AHTren eraikuntzak sorrarazi zuen herri mugimenduaren loratzetik. Aurka, noski, eta ez alde. Protestak, salaketak... Eta herri galdeketa bat egiteko nahia, herriari hitza emateko eskakizuna, beste gauza guztien artean. Baina zero patatero.

Hitzaren bandera kendu eta inposizioarena ezarri nahi zaio, estrategia honekin, ezker abertzaleari, Bilduri eta Martin Garitanori. Estrategia politikoa da, azken batean, zaborren afera, tamalez, modan jarri duena. Baina nire galdera da. Ez al dago beste inposiziorik egungo «demokrazian»?

Tamalgarria da herritar ororen esku dagoen aferatik etekin politikoak ateratzeko estrategia abian jartzea, zilegi izan daitekeen estrategia, baina ez bederen oso elegantea. Inposizioak dira, baina, nire aburuz askotan beharrezkoak giza ordena minimoak ezartzerako orduan. Ala autoa nahi dugun lekuan aparkatzen dugu?

Azken apunte gisa. Euskara ez da inposatutako hizkuntza, eta ikustekoa da zein den bere egoera. Besterik gabe, gogoan izateko. A! Eta errauskailua nahi duenak esan dezala, ziur bere hitza eta erabakia errespetatuko direla, Giorgio Armaniren izenean. [@arianekamio]

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo