Mikel Aramendi Kazetaria
Hildakoez oroitu, bizirik dirautenez ahaleginak egin
Ezikusiarena egite horretan zerbaiten zerikusia eduki dezakete Rana Plazako kapitalismo gupidagabe horren azken onuradunak diren «gure» arropa markek (Mango, Benetton, El Corte Ingles, Walmart, Primark...)Egingo nuke apustu jakin ere ez zekitela: Lan Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Eguna ospakizun aski berria da -duela 30 urte egin zen lehenbizikoz horrelako zerbait Kanadan eta hamar urte baino ez daramatza egunak NBEren egutegi ofizialean- eta Mendebaldeko herrialde bakan batzuetan baino ez du oihartzunik gaur. Horregatik, joan den igandean, Dhakako erdigunetik 20 kilometrora dagoen Savar auzotegiko Rana Plazan eroritako lantegiaren azpian harrapatuta zeuden senideak, lankideak eta herrikideak ateratzeko hil ala biziko ahaleginean ari ziren bangladeshtarrek nekez jakin zezaketen delako Nazioarteko Eguna konplituki «ospatzen» ari zirela. Are gehiago, Egunaren goiburua inork baino zuzenago aintzakotzat hartzen ari zirela: «Hildakoez oroitu, bizirik dirautenengatik ahalegin guztiak egin».
Horretantxe aritu baitira iragan asteazken goizean zortzi solairuko eraikina erori eta bertan ari ziren milaka langileetako asko azpian harrapatuta geratu zirenetik. Lerrotxo hauek idazterakoan, hildakoen kopurua 400era iritsita dago, eta zaurituena, 1.000tik gora. Inor gehiago bizirik aurkitzeko itxaropena galdu eta makineria astunarekin lanean hasteko ordua iritsi omen denez, ondorengo orduetan hildakoen kopurua izugarri haz daiteke, desagertutzat jotzen diren gehienak hondakinen artean agertuko direlako zukututa. Milurteko honetan jazotako lan-istripurik (?) latzenaren aurrean gaude eta, mundu honetan lotsa apurrik geratzen bada, halaxe izan behar luke milurtekoa amaitzen denean ere, honelakoak «istriputzat» hartu behar ote diren ala ez eztabaidatzea beste baterako utzita.
Bada, ordea, ezkor izateko bidea ematen didan zerbait: izugarrikeria horri eskaini zaion arreta mediatiko eskasa. Txileko Copiapoko San Jose meategian 2010eko abuztuan harrapatuta geratu eta urriaren 13an bizirik atera zituzten 33 meatzarien aurrekaria eredutzat hartuko bagenu, gertaera haren inguruko pasadizo xelebreenak (gogoratuko duzue nola, besteak beste, betaurreko ekoizle batek erabili zuen erreskatea bere antiojoen publizitatea egiteko) ekidinda bederen, munduko telebista kateak Dhakara begira egon behar lukete apirilaren 24az geroztik. Ez dabiltza, bada, albiste zirraragarrien etengabeko peskizan? Hara drama galanta!
Baina ez da halako arretarik nabaritu: irudi bakan batzuk, albistegien amaiera aldera, zuzeneko lekukotasunik ia batere gabe... Eta, noski, lantalde berezirik bertaratu gabe. Heriotzak eta gorpuzkiek salmenta txarra dutela gure hedabideetan, esango dit norbaitek. Bai, jakina. Aldiz, onartuko didazue ezikusiarena egite horretan zerbaiten zerikusia eduki dezaketela Rana Plazako kapitalismo gupidagabe horren azken onuradunak diren «gure» arropa markek (Mango, Benetton, El Corte Ingles, Walmart, Primark...) eta hauek, publizitatearen bidez, «gure» hedabideetan duten esku ahaltsuak.
Eta kapitalismoari gupida sortu zain bagaude... jarraitu beharko dugu, luzaro, hildakoez oroitzen. Eta bizirik geratzen direnengatik ahaleginak egiten. Erlojuaren kontra.