Herri borondateari duen garrantzia emanda, Legazpiko Udalak zenbait alderdi atakan jarri ditu
Hondakinen bilketari dagokionez herritarrak banatuta daudela ikusita, Legazpin sistema mistoa -bosgarren edukiontzia eta atez atekoa batera- ezartzea erabakita, bertako Udalak bi gauza erakutsi ditu: herri borondateari norainoko garrantzia ematen dion eta arazoen aurrean konponbideak bilatzeko gaitasuna. Halaber, nabarmen utzi ditu herri galdeketak interes politiko propioaren zerbitzura erabiltzen dituztenak, aurreko beste herri galdeketen emaitzei jaramonik ez egiteak arduratu gabe kasu honetan herritarren erabakia errespetatzearen alde horren sutsu agertu diren indar politikoak, hain zuzen. Bi herri galdeketa egin dituzte Bilduk zuzendutako udaletan, bat Zestoan eta bestea Legazpin. Biak ere erabakigarriak izan dira. Herri galdeketa gehiago egin izan dira, ordea. Besteren artean, Boroako zentral termikoaren gainean, Zornotzan, eta AHTren gainekoa Aramaion, eta bietan herri borondatea proiektu «estrategikoen» azpian lurperatuta geratu da. Horiek hala, Legazpin jazotakoa ikusita, ikusteko dago kasu honetan herritarren borondatea hain sutsu defendatu duten horiek hemendik aurrera herri galdeketen gaineko jarrera aldatuko ote duten.