GARA > Idatzia > Mundua

Morales eta Garcia Linera hauteskundeetara aurkeztu ahal izango dira berriro

Evo Morales Boliviako presidentea berriro ere presidente izateko hautagai gisa aurkeztu ahal izango dela erabaki du Auzitegi Konstituzionalak. Oposizioak hirugarren berrautaketaren kontra egin du.

p025_f01_148x112.jpg

GARA | LA PAZ

Hala nahi izanez gero, Boliviako presidente Evo Morales 2014ko abenduan ospatuko diren presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztu ahal izango da hautagai gisa. Alvaro Garcia Linera presidenteordea ere aurkeztu ahal izango da. Hala ondorioztatu du Auzitegi Konstituzionalak, Senatuak horren harira egin zion galdera aztertu ondoren.

Boliviako Konstituzio berria 2009ko otsailaren 7an ipini zuten indarrean. 168. artikuluaren arabera, «presidentea eta presidenteordea modu jarraian behin bakarrik berrautatu ahal izango dira bost urteko agintaldi baterako». Aplikazio Legeak zehazten duenez, «2010eko urtarrilaren 22az geroztik berrautaketarik edo izendapen berririk gabe beraien ardura publikoetan jarraitu zutenei» zuzenduta dago. Moralesen eta Garcia Lineraren oraingo agintaldia 2009an hasi zenez, lehenengoa dela adierazi du Auzitegiak, Konstituzio berria urte horretatik indarrean baitago.

Presidentearen agintaldiak bitara mugatzen baditu ere, Moralesek beti esan du bere lehenengo gobernua (2006tik 2010era) ezin dela kontuan hartu bost urteko agintaldia ezin izan zuelako bukatu eta Estatuaren birsortzea baino lehenago izan zelako. «Presidentea eta presidenteordea aginte konstituzional berriarekin izendatu zituzten.

Nazio anitzen Estatuaren sorrerak aro juridiko eta politiko berria ekarri zuen, eta horregatik Moralesen eta Garcia Lineraren balizko hautagaitzak legezkoak dira», nabarmendu zuten aho batez epaimahaia osatzen zuten zazpi epaileek. Hauteskundeetara aurkeztuz gero eta irabaziz gero, 2020ra arte egongo litzateke boterean Morales.

La Pazeko «La Razon» egunkariaren iritziz, presidentearen balizko berrautaketak «agintean dagoen MAS alderdian lidergo falta dagoela eta oposizioa ez dela aurre egiteko gai erakusten du». Fernando Mayorga analistaren aburuz, Morales «MASen batasuna bermatzen duen faktore bakarra da. Gizartean errotuta dagoen buruzagitza karismatikoa da berea».

Manuel Canelas adituak oposizioak Moralesekin lehiatzeari beldur diola plazaratu zuen. Inkestek abantaila dezente handiagoa ematen diote egungo presidenteari oposizioko lider nagusi Samuel Doria Medinari baino. «El Deber» egunkariak eginiko inkestak oraingoz botoen %17 besterik ez lituzkeela irabaziko esan du.

Doria Medinak Auzitegi Konstituzionalaren erabakia gogor kritikatu zuen Twitter bidez, Boliviako Konstituzioari bizkarra eman diola eta legedia ez duela errespetatzen esanez.

Doria Medinaren hitzetan, Morales «herriaren beldur da. Horregatik ez du berrautaketaren gaineko galdeketarik egin».

2009ko hauteskundeetan, botoen %64 eskuratu zuen. Hiru urte lehenago, 2006an, %53,7 lortu zuen.

Carlos Mesa presidente ohiak (2003-2005) Konstituzionalaren epaia «onartezina dela» helarazi zuen bere Twitterreko kontuan.

Bernard Gutierrez senatariak epaileen independentzia zalantzan ipini zuen. Harturiko erabakiarekin Moralesi mesede egitea leporatu zien. «Gobernuko alderdiari zor dizkiote karguak. MASekin zorretan daudenez, Moralesen berrautaketaren alde egin dute», adierazi zuen.

oposizioa

Adituen esanetan, oposizioak Moralesi irabazteko duen aukera bakarra hautagai bakarra aurkeztea da, Venezuelan egin duten bezala. Alta, horrek ez dirudi erraza oposizioa oso banatuta baitago eta ez baita ados jartzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo