«Dantza-potea», dantza mokadu bat tabernaz taberna, Donostian
Dantzaz Konpainiaren «Kameleoia» maiatzaren 18an aurkeztuko dute Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Horren berri emateko eta euren ikuskizun berria jendeari gerturatzeko asmoz, ostegunetako pintxo-jiran parte hartuko dute koreografia zatiak eskainiz.Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Dantza gizarteratzeko proposamen berri bat aurkeztu zuen atzo Dantzaz Konpainiak. «Dantza-pote» ekimenari esker, jada ohikoa den ostegunetako pintxo-jiran dantzak leku berezi bat izango du Donostiako kaleetan. Pote bat hartzera ateratzen direnek «Kameleoia» ikuskizunaren zati bat ikusi ahal izango dute.
Konpainiako dantzaria den Ane Anzak azaldu bezala, Donostiako tabernetan bihar eta datorren ostegunean ikusi ahal izango duguna, maiatzaren 18an Victoria Eugenia antzokiko taula gainean eskainiko dutenaren «aperitiboa» da, mokadu txiki bat, dantza pintxo moduko bat.
Izan ere, hori izan da Fernando Saenz de Ugarte zuzendariak transmititu nahi izan duen ideia. Berak argi dauka euren lanari ikusgarritasuna emateko biderik onena dantza testuinguru eta giroarekin mimetizatzea dela, kameleoiek egiten duten bezala. Victoria Eugenian estreinatuko duten ikuskizunaren izena «Kameleoia» denez, dantza Donostiako giroarekin nahastea bururatu zitzaien, kasu honetan azken urteetan berebiziko garrantzia hartu duen «pintxo-potea» ardatz hartuta.
«Laguntza eskatu genion Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteari eta segituan onartu ziguten ideia. Erraztasun asko eman dizkigute ohikoak ez diren lekuetan dantzatu ahal izateko», aipatu zuen zuzendariak. Baina hau ez da dantza antzokietatik kanpo ateratzen duten lehen aldia. Pasa den hilean ospatu zen Arte Eszenikoen dFeria azokan Zurriolako hondartzan aritu ziren, iluntzean, «Naufragoak» ikuskizuna dantzatzen. Orduan ere testuinguruarekin bat egin zuten.
Oraingo honetan Itzik Galili eta Jacek Przybylowicz koreografo handien lanak antzokietatik kanpo eskaintzea posiblea dela erakutsi nahi dute, antzokira joateko ohitura ez duen publikoa erakartzeko. Horretarako piezak asko moldatu behar izan dituzte taberna batean dauden elementuak kontuan hartuz.
Ibilbidea
Dantza emanaldi berezi hau bi saiotan banatuko da. Bihar erdialdeko tabernetan arituko dira 19.00etatik hasita. Ordu horretan arituko dira Pokhara tabernan eta bertatik gainerako tabernetara joango dira, bakoitzean gutxi gorabehera 15 minutu dantzan emanez: Warhol, Splash, Udaberri, Nido eta Valles.
Maiatzaren 9an, berriz, Alde Zaharrean ibiliko dira eta emanaldia zertxobait luzeagoa izango da, taberna gehiagotan dantzatuko dutelako. 19.00etan Truk tabernan dantzatuko dute lehenik, eta jarraian A Fuego Negro, Gandarias, Txuleta, Ttunttun, Kota 31, Federiko, Zibbibo, Altxerri eta Be Bop-en arituko dira.
Bertaratzen direnek, dantza emanaldi laburrez gozatzeaz gain, pintxo edo pote berezi bat dastatu ahal izango dute, kameleoiaren ezaugarriekin jolastuz bereziki sortutakoak.
Dantzaz Konpainia dantzari gazteentzako talde profesionala da, eta helburutzat du Europako beste konpainietan lana aurkitzen laguntzea. Osteguneko ekimen honen bidez, taldeko kide atzerritar zein euskaldunek Donostiako hainbat txoko ezagutzeko aukera ere izango dute.