Gazteen Antzerki Topaketaren XXV. edizioan 16 antzezlan taularatuko dituzte lau antzokitan
GARA | DONOSTIA
Donostiako Gazteen Antzerki Topaketak 25 urte beteko ditu aurten. Atzo aurkeztu zuten egitaraua, eta horren arabera, guztira 16 antzezlan taularatuko dituzte maiatzaren 3tik aurrera. Ekainaren 13an emango diote amaiera topaketaren XXV. edizioari Antzoki Zaharrean 19.00etan ospatuko duten sari banaketarekin batera.
Emanaldi guztietarako sarrerak 3 euroan jarriko dituzte salgai, eta eskuratutako dirua talde txapeldunari emango diote. Parte-hartzaileen proposamenak honako bi kategoriatan daude banatuta: junior (14-18 urte) eta senior (18-30 urte). Sarreren erreserba egiteko www.donostiagaztea.org webgunean eman behar da izena aukeratutako emanaldirako.
Gazteszenan, Lugaritzen eta Antzoki Zaharrean hainbat antzezpen egingo dituzte; Kontadoresen ere bai, baina bakarra: «Muestras de escenas», Marga Altolaguirrerena, ekainaren 7an. Lehenengo emanaldia etzi izango da, Lugaritz kultur etxean, 20.00etan. Nasdrovia taldearen «A dos velas» antzezlanak izango du topaketa zabaltzeko ardura. Azken antzezlana ere Lugaritzen izango da: Zurriola Antzerki Taldearen «Organo maitea!», ekainaren 12an.
Egitarauarekin batera, topaketa iragartzen duen kartela ere aurkeztu zuten atzo. Aurtengoa Usandizagako Goi Mailako Heziketa Zikloko Publizitate Grafikoko bigarren mailako ikasleek egindako proposamenen artean aukeratu dute; eskuinean dugun irudia da, hain zuzen.