GARA > Idatzia > Kultura

«Poemak partitura modukoak dira, paperean amaitzen ez diren tresnak»

p048_f01_281x165.jpg

Oier Guillan

Poeta eta antzerkigilea

Oier Guillan (Donostia, 1975) Errenteriako Mikelazulo elkarte kulturaleko kide eta idazleak hamaika olerki liburu eta hiru antzezlan ditu kaleratuta. Egun hauetan, buru-belarri dabil Susa argitaletxearekin plazaratu duen azkena, «Elkartasun basatia», aurkezten.

Alvaro HILARIO | BILBO

Liburu-dendetan dago jada Oier Guillanek idatzitako azken olerki liburua, «Elkartasun basatia» (Susa). Bertan norbanakoaren eta taldearen arteko harremanez mintzo da.

Sei zatitan banatuta dagoen liburu honetako poemak harreman horretan sortzen den tentsioari buruzkoak dira. Tentsio sortzailea, batzuetan talka dena, besteetan gatazka, baina baita maitasun adierazpena eta elkartasun basatia ere.

Aurreneko poesia liburua 23 urte zenituela kaleratu zenuen. Gazteago, ikasle zinela, hasiko zinela idazten imajinatzen dut.

Lehenengo idatziak eta argitalpenak fanzineetan, autoedizioetan, lan kolektiboetan egin nituen, baita lehiaketen bidetik zenbait poesia lan labur argitaratu ere. Asko interesatzen zait horrela hasten den jendea, eta beti nago modu horretan mugitzen denari adi. Beharrezkoa da mugimenduak sortzea, esperimentatzea, testu desastrosoak idaztea, ikasteko, bilatzeko eta agian noizbait zer edo zer interesgarria topatzeko. Literaturaren dimentsio soziala interesatzen zait, errezitaldietan eta lan kolektiboetan azaltzen dena.

Guztira hamaika poesia liburu dituzu eta beste hiru antzezlan. Zergatik aukeratu izan dituzu bi genero hauek? Jendearekiko, irakurleekiko harreman zuzenago bat ahalbidetzen du poesiak? Antzerkia, berriz, guztiz ezberdina al da?

Interesatzen zaizkit genero horiek nolabait bazterrean daudelako. Rikardo Arregi Diaz de Herediak bere azken liburuan poesiari buruz dioen moduan, ia-ia merkatutik kanpo daudelako askatasun eremu bat dira niretzat, arriskatzeko eta probatzeko orubea. Egia da baita ere, bi genero horiek irakurlearekin eta oro har publikoarekin harreman zuzena lantzeko aukera ematen didatela. Poesia paperean plazaratu izan dudan arren, kontziente naiz nire poemek jendaurrean hartzen dutela sarri indar gehien. Zentzu horretan partitura modukoak dira niretzat, paperean amaitzen ez diren tresnak. Teatro egileek idazten duten poesia interesatzen zait, dantza garaikidearen arloan ematen den testugintza, performanceetan topa daitekeen poetika.

Ez duzu sekula prosa idazteko gogorik izan?

Literatura mota oro irakurtzen dut, nobela eta saiakera ipuina baino gehiago. Ez nau gehiegi kezkatzen prosa idazteko gogoak, une bakoitzean ideia batek eskatzen didan forma topatzea da bilatzen dudana, eta oraingoz poesian eta antzerkian topatu izan dut modua.

Errenteriako Mikelazulon egin duzu lan luzaroan, talde lanetan parte hartu izan duzularik. Zelako lana egin duzue bertan olerkariok? Inportantea izan da zuk poesia idazterakoan?

Mikelazulo urte askoan laborategi itzela izan da egun kulturgintzaren eremu ezberdinetan lanean gabiltzan askorentzat: eszena, literatura, eskultura, pintura, musika... laborategi hori estetikoa eta batez ere kulturaren ikuspegi kritiko baten baitakoa izan da. Mikelazulotik eratorritako harremanen sarea zabala eta anitza da, proiektu eta talde ugari lotzen dituena. Egun Metrokoadroka kolektiboaren baitan gauzatzen ditut nire proiektu gehienak. Urte askotako esperimentazioaren, ikerketaren eta giza harremanen ondorioz posible zaigu elkarlanean eta elkar lagunduz proiektuak gauzatzea, eta proiektuetan arriskuak hartzea. Bide horrek konpainia, enpresa edo talde klasikoaz landa funtzionatzeko beste eredu batzuk bilatzea bermatu digu.

Liburu berrian bakoitzak besteekin dituen harremanak jorratzen dituzu. Nondik datorkizu kezka hori?

«Elkartasun basatia» liburuan norberaren eta taldearen arteko harremanean ematen den tentsioa idatzita dagoela esan izan dut. Tentsio hori sortzailea dela iruditzen zait. Idaztea norbanakoaren lana da funtsean, baina teatro lanean hori beste modu batean bizitzen ikasi dut, norbanakoaren lana taldearekiko etengabeko negoziazio batean ematen den heinean. Neure bakarkako lana egiteko orduan etengabe sumatzen dut taldearen eragina, negoziazio horren arrastoa. Egorik gabe ez dago arterik, baina norbere testuen «sakratutasuna» erlatibizatzen irakatsi dit eszenako esperientziak. Funtsean, tentsio horretan azaleratzen da norberaren izaera soziala, eta era berean tentsio horrek etengabe behartzen zaitu jarrera bat hartzera.

Zer lortu nahi duzu kontu horiek azaleratuz?

Bizi dugun garaiotan sare eraginkorren sorrera, pertsona eta kolektiboen arteko zubiak eraikitzea gakoa dela iruditzen zait. Beraz, erakargarria zait oso ideia horietan sakontzea. «Elkartasun basatia» poesia liburu bat da, ez da saiakera bat edo eskema zehatz bati jarraituta egindako ikerlan bat. Edertasunaren zentzu bat bizi eta transmititu nahi izan dut liburu honetako testuekin, edonork izan ditzakeen sentsazioetan oinarrituta. Edertasunaren gaia landu dugu azkenaldian «Poza» antzezlanean: edertasuna arriskutsua da pertsonarengan zerbait sortzen duelako, barrutik mugitzen duelako. Pertsona mugitzera bultzatzen duen orori ixten zaio sarri bidea, eserlekuan pasibo uzten gaituzten kultur eskaintzak lehenesten dira. Liburuan edertasunaren zentzu horren bila jardun naiz, baina betiere hasi aurretik nire asmoetan ezinbestean porrot egin dudala onartuta; hortik dator umorea, ironia eta edertasunaren beharra.

Liburua sei zatitan dago egituratuta: azalduko diguzu zatiketa horren nondik norakoa?

«Esan gabe doa» poema luze zatikatuak liburuan topatzen ahal den ideiategia aurkezten du, gutxiengoak omenduz eta gutxiengoaren ideia bera erlatibizatuz. «Identitatea euliari azaldua» delakoa euskaldun berri zaharren ikuspegitik idatzia dago, taldearekiko tentsioa identitatearen gaian kokatuz. «Jendea izaki» jendarteari luzatutako begirada bat da, kanporakoa neurri batean, poesia-fikziora gerturatzen dena. «Manikien odola»-k pertsonen panpinatasunari erreparatzen dio, gizarteak intimitatean duen eragina arakatuz. «Oinak hotz ditut baina ez nago hilik», porrot soziala onartuta ere ironiatik har daitekeen jarrera aktiboaren isla da. «Sudurrik gabeko pailazoa» ahots ezberdinetan banatutako bakarrizketa poetiko bat da, gogoeta eginez norbera dagoen lekuan eta garaian sortzearen garrantziaz.

Idazterakoan, arreta berezia ematen diozu musikalitateari? Badira musikatzeko testuak? Egin duzu inoiz?

Ez guztiz kontzienteki, baina errezitaldietan nabilen heinean ekidin ezina zait erritmoari, errepikapenari, hitzen doinuari erreparatzea. Neu ez naiz musikaria, baina inoiz inguruko lagunen batek hartu du testuren bat eta musikatu. Normalean Ander Fernandez musikariarekin egiten dut lan, bera ere antzerki mundukoa denez poemak musikatzeko duen modua ezohikoa da: kanta hautsiak dira bereak, soinu paisaiak zeinetan musika pertsonaia bat gehiago den. Zentzu horretan, ez dio axola poemaren luzerak musikatua izateko.

Zer dira bufoiaren estetika eta ideologia? Bufoia figura irudikatzerakoan «King Lear»-ena datorkit burura: bigarren pertsonaia horrek, protagonistak esaten duena zehazten duena; horren gaineko beste jarrera, beste ikuspuntua dakarrena.

Teatroan bufoiaren teknikarekin harremana izan dut hainbat lanetan. Sakonean ikasi beharreko mundu bat da bufoiarena, neuk apur bat baino ezagutzen ez dudana, eta bufoi-pertsonaia bat eraikitzeko orduan aintzat hartzen diren hainbat ezaugarri erabili ditut poema hauetan: konkorra, deformitateen araberako ibilera, bufoi taldearen martxa, lelo politiko handiak, eta abar. Bufoiaren mundu ikuskera zirraragarria iruditzen zait, eta hari loturiko antzerki teknika konplexua eta ezagutu beharrekoa.

Zelan definituko zenuke «teatro poetikoa»?

Egiten ditudan lanetan beti nabil loturak bilatzen dramaturgia eta poetikaren artean, izan oholtzan edo paperean. Egungo lengoaia eta espresamolde eszeniko eta literarioetan iruditzen zait harreman estua dagoela bien artean. «Sudurrik gabeko pailazoa» atala harreman hori ikertzeko ahalegin bat gehiago da, kasu honetan poesiatik gertuago dagoena. Antonin Artauden irrati gidoiak eta saiakera poetikoak zein Tadeusz Kantorren manifestuak eragin handia izan dira zati hori idazterakoan.

Argitaletxe ezberdinekin lan egin baduzu ere, Susara bueltatu zara oraingo liburu honekin. Zergatik?

Ez dut uste itzulera kontu bat denik. Batetik, poesia argitaratzeko orduan Susako liburuak eta idazleak ezinbesteko erreferentzia dira niretzat, gazteagotan poesia irakurtzen eta idazten hasi nintzen garaitik izan da horrela, zentzu horretan niretzat aukerarik naturalena da. Bestetik, bat egiten dut Susak, hala sarean nola paperean, defendatzen duen ideologia kulturalarekin. Beste liburuekin ere joera naturala izan da: Artezblai da antzerkia euskaraz argitaratzeko bide ia bakarra; «Hura ez la lekua» liburuaren kasuan, Txalapartak agertu izan du azkenaldian beste era bateko liburuen aldeko apustua, izan helduentzako liburu ilustratuekin edo nobela grafikoekin. Azkenik, Argitaletxea Edo! proiektuko kide ere banaiz, euskaraz oraindik lantzeke dauden liburu moten eskaintza asetzeko xedez sortua, kulturaren ikuspegi kritiko batekin.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo