Etxebizitza duina aldarrikatuz, hasi dira Txantreako jaiak
Etxe desjabetzeen kontrako aldarriarekin hasi ziren atzo Txantreako jaiak. Iruñeko auzo horretako etxeak auzolanean eraiki zituztela eta egungo egoeraren arduradunak bankuak direla nabarmendu zuten suziria piztu aurretik. Igande gaua iritsi artean egitarau zabala dute auzokoek eta bertara hurbiltzen direnek, kalderete lehiaketa eta guzti.
Martxelo DIAZ |IRUÑEA
Etxe desjabetzeen aurkako aldarriarekin hasi ziren atzo Txantreako jaiak. Eguraldi iragarpenaren arabera euria egin behar bazuen ere, giro ezin hobearekin bete zuten txantrearrek Rastroko plaza. Negu latza pasa ondoren, festarako gogoz hartu zuten txupinazoa Txantrean. Egoera ekonomiko latzak ere ez zuen lortu jai giroa itotzea.
Txantrea desjabetzerik gabeko auzoa dela aldarrikatu dute behin eta berriro urtean zehar, ostegunero elkarretaratzeak eginez. Hori gogoratu zuten atzo hipotekek kaltetutakoak biltzen dituen plataformako kideek suziria piztu aurretik irakurri zuten pregoian. «Txantrea auzolanean sortu zuten. Etxeak eraikitzeko auzokoen lana ezinbestekoa izan zen. Elkarbizitza ere sortu genuen guztion lanari esker. Izan ere, gure auzoko jaiak Nazioarteko Langileriaren Egunarekin, Maiatzaren Lehenarekin, bat datoz», nabarmendu zuen Haroldek.
«Auzolanean posible izan da beti problemak dituen auzokoari laguntzea, eta inposizioei aurre egitea ere bai. Eta orain ere posible izango da», gaineratu zuen Mertxek.
«Jasaten ari garen krisiak langileria kolpatu du modurik latzenean, agintariek dirutza jaso izan duten bitartean. Langabezian utzi gaituzte eta gero etxebizitzak ere kendu nahi izan dizkigute», salatu zuen Haroldek.
«Auzoa zutitu da eta errudunak seinalatu ditugu: bankuak. Ez dugu egoera onartzen eta Txantrea etxe desjabetzerik gabeko gunea dela aldarrikatu dugu. Gozatu jaiez. Hauek ere auzolanaren fruitua direlako. Urte latz baten ondoren merezi ditugu-eta», esan zuen Mertxek.
Suziria piztu aurretik une hunkigarria bizi izan zen Txantrean, hil berri den Ritxi auzokidea omendu baitzuten. Jaietarako zapia prest zuen Ritxik, baina azkenean ezinezkoa izan zaio eustea. Bere omenez, «Xalbadorren heriotzean» kantatu zuten plazan bildutakoek.
Maizterren dantzak suziria piztu aurreko minutuak alaitu zituen, aurretik, auzoko karriketan barrena ibili ziren erraldoiek lagunduta.
Pixka bat lehenago, antolaturiko lehiaketetako irabazleei sariak eman zizkieten. Marrazki lehiaketan Josu Resa izan zen garaile. Berak ezin izan zuen atzoko txupinazoan egon, eta bere aitak jaso zuen saria. Pankarta politenaren saria, berriz, Aitor eta Itxaso anai-arrebentzat izan zen.
Egitarau zabala
Igandera arte egitarau zabala izango dute Txantreako auzokideek, eta jaiez gozatzeko bertara hurbiltzen diren guztiek.
Aurreko urteetan ez bezala, Iruñeko Udalak aurten ez du gehiago muturrik sartu jaien antolakuntzan. Edo behintzat ez du oztopo larririk jarri ekitaldiak antolatzeko orduan. Azkenaldian kaldereteak zituen jomugan. Behin, Alemanes parke inguruan uholde bat eragin zuen sukaldarien lana zapuzteko. Aurten, badirudi arazorik gabe egin ahal izango dutela bazkaria. Larunbaterako jarri dute hitzordua, eta 14.00etan hasiko da jana, baina goiz osoan giro aparta izango da bertan, prestaketa bera ere jaia delako.
Baina kaldereteez gain, gauza asko daude egun hauetan Txantrean. Gaur bertan, erraldoiak eta buruhandiak auzoan barrena (11.00), alboka doinuez alaituriko bermuta Ezkaba plazan (13.00), txokolate-jatea eta Txaloren zirkua Haizearen plazan (17.00) eta La Jodederaren kontzertua Felix plazan (20.00), besteak beste.
Bihar, 17.00etan, Bernat Etxeparen, txikien pilota txapelketa izango da. Eta Festalekun jam session-a izango da, 21.00etan, nahi duenari kantatzeko aukera emanez.
Ostiralean, nabarmentzekoak, Luziano Show-a Felix plazan (16.00), bertso afaria, Biltokin, Uxue Alberdi eta Iker Zubeldiaren (21.00), eta Lehiotikan eta Marianitoz Blai, Festalekun (22.30).
Eta asteburu luzea gelditzen da igandeko 21.00ak arte.
Kalderete lehiaketa izango da aurten ere Txantreako jaietako ekitaldi nagusietako bat. Larunbatean izango da, Alemanes parkearen alboan. Goizean hasi prestaketak, eta 14.00etarako jarri dute bazkaltzeko hitzordua.