GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikasturtea amaitu artean protestak deitu dituzte Nafarroako hezkuntza publikoan

Datorren ostegunerako, hilak 9, bi orduko lanuztea deitu dute sindikatu gehienek Nafarroako hezkuntza publikoan. Manifestazioa ere egingo dute, Barcinaren murrizketen eta Madrilen neurrien aurka protesta egiteko. Ikasturte amaiera arte antolatu dituzte deialdiak.

GARA | IRUÑEA

Bi orduko lanuztea deitu dute sindikatu gehienek datorren ostegunerako, hilak 9. Nafarroako hezkuntza publikoan egiten ari diren eta jada egin diren murrizketen aurka protesta egiteko deitu dute. Egoera jasangaitza dela iritzita, LAB, STEE-EILAS, CCOO, CSIF, ELA eta UGT sindikatuek batzar eta mobilizazioen egutegi bat aurkeztu zuten atzo.

Lanuzteak egingo dituzte Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Horietan, arratsaldeko eskolak ez dituzte emango. Bestalde, DBHn, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan lanaldiaren azken bi orduetan egingo dute lanuztea, beti ere bakoitzaren ordutegiaren arabera.

Egun horretan, atzo iragarri zutenez, 18:00etan manifestazioa egingo dute, Iruñeko Hezkuntza Departamentuaren egoitzatik abiatuta. Deialdiek, hala ere, ekainaren amaiera arte iraungo dute, ikasturtea amaitu arte, hain zuzen.

«Egoera oso larria» dela ohartarazi zuten atzo sindikatuek. Ordezkariek jarrera bateratua erakutsi zuten, halaber, Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoari (LOMCE) dagokionez, kaltegarria dela iritzita.

Halaber, Yolanda Barcinaren Gobernuak azken urteetan egindako murrizketak kritikatu zituzten, uste baitute neurri horiek guztiek langileen baldintzak okertu baino ez dituztela egin. «Etorkizunari begira kalitatea galtzea ekarriko du, eta, horrenbestez, eskola-porrotaren areagotzea», adierazi zuten sindikatuetako ordezkariek.

Ezarritako neurrien artean aipatu zituzten, besteak beste, eskola-orduen handitzea eta irakasle bakoitzeko ikasle kopuruaren handitzea. Ordezkapen, formakuntza eta soldataren gutxitzea ere gogor salatu zuten, baita euskarari egindako «erasoak» eta enpleguen «suntsitzea»; 800 lanpostu deuseztatu dituzte.

Azkenik, irakasle funtzionarioen eta behin-behinekoen artean egiten diren bereizketak salatu zituzten.

Madriletik datozen neurriak

Horri guztiari Madrilen PPren Gobernuak hartu dituen erabakiak gaineratu zizkioten. Euren ustez, «hezkuntza sistema hondamendira eramango dute», erreforma eta murrizketek gizarte osoan eragingo dutela ohartarazita.

Horien artean LOMCE nabarmendu zuten. Legea indarrean jartzeak arriskuan jarriko luke berdintasunezko hezkuntza sistema, sindikatuen hitzetan. Nafarroako Gobernuari lege honi ezezkoa emateko eta familiaren, irakasleen eta ikasleen artean «eztabaida erreal eta parte hartzailea» irekitzeko eskatu zioten.

LANUZTEAK

Bi orduko lanuzteak ez dira ordu berean egingo: Haur eta Lehen Hezkuntzan arratsaldean ez da eskolarik izango, eta DBHn, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan, berriz, azken bi orduak utziko dituzte bertan behera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo