Ekaitz de Ibero, Mikel Arretxe (*)
Aske Gunetik, lepoan hartu eta segi aurrera!
Gutxinaka, ekimen txikienetik handienera osatzen joan den herri ekimena da hau: eta, noski, nahiz eta aurrerapauso handiak eman diren, espetxeratze politiko guztiak geldiarazi arte amaituko ez den mugimendua da
Bi aste pasa dira, hortzetaraino armaturik eta aurpegia estalirik zituzten 300 ertzainek baino gehiagok, sei gazte independentista ehunka herritarren besoetatik indarkeriaz eraman gintuztela. Astebete lehenago ordea, Ekaitz de Ibero eraman zuten, lurrean babesten geundenak jipoitu gintuztelarik. Azkenean EAJ-PNVk, espainiar bidegabeko lege bat bete, eta zazpi gazte independentista eramateko bidali zuen Ertzaintza.
Pena eman eta mindu egiten du, aste batzuk lehenago, Gipuzkoako Batzarretan beraien babesa eman eta bereziki Donostiako udaletxean Eneko Goiaren hitz politak entzun eta babesa jaso ostean, gu bezala, Euskal Herria libre eta askea nahi omen dutenak kartzelara eraman izana.
Gainera, Donostiako udal gobernuaren kontra erabili dute gure ekimena, pertsonalki Eneko Goiari horrelakorik ez egiteko eskatu genion arren. Donostiako zuhaitz batzuetan eragindako kalteak (adibidez, zeloa erabiltzea pankartak eskegitzeko) edo plaza batean lo egin izana gu espetxean egotea baino larriagoa omen da. Gu eta gure egoera existitu ez balira bezala jokatu zuten eta kosta ahala kosta boterea lortu nahi duten Donostiako PSEko zinegotziez hori espero genezake. Baita dominak irabazi nahian publikoki hainbeste zalaparta atera zuen baina ustekabean aurrez aurre topatu ginenean urduri jarri, eskua eman eta sentitzen zuela esan zigun Ramon Gomez PPko zinegotziaz ere espero genuen. Baina ez genuen zuengandik espero, Eneko, eta horrek mindu egiten gaitu.
Baina kritika politiko hau egin arren, ez dugu ahaztu nahi Enekori berari esan geniona. Aurrerapauso handitzat hartzen jarraitzen dugu instituzioetan eta publikoki epaiketa eta espetxeratze politikoen kontra EAJ-PNVk egindako deklarazioa. Horregatik, etorkizunari begira konfiantza dugu, guztiok batera aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugu, baita orain arte eman ez dituztenekin ere. Gero eta herritar gehiago baikara gatazka politikoa konpondu nahi dugunok.
Bide horretan, derrigorrez, denok sakrifikatu beharko dugu zerbait. Gure ondorengo belaunaldiek gatazkaren gordina sufritzerik nahi ez badugu, estatuen bidegabeko erabakien aurrean noizbait planto egin beharko dugu. Herritarrek, instituzioak gobernatzen dituzten politikariek eta gizarte eragile desberdinek atxikimendua eman izan digute. Aipagarria da eragile horien arteko ELA sindikatuaren kasua adibidez, zeina zenbait ertzainen ordezkari den.
Baina goazen idaztera bultzatu gaituen benetako arrazoira. Aske Gunea posible egin duzuen milaka herritarrei, gure eskerrik beroena eta besarkadarik estuena eman nahi dizuegu berriz ere. Hamaika aldiz esan genizuen bertan, baina ez gara nekatzen. Eta orain, espetxean gaituztela eta bizitako guztiari buruz hausnartzeko denbora edukita, are eta gogo handiagoz, munduko muxu goxo eta besarkadarik beroena eman nahi dizuegu; bai bertan egon zinetenei, baita bertan ezin egon eta modu desberdinen bitartez gurekin egon zineten guztioi ere. Egunero-egunero gurekin egon zareten senide, lagun eta neska-lagunei, sare sozialen bidez babesa eman eta eskubide zibil eta politikoen defentsa mundu guztira zabaldu duzuenoi, irribarrea eragin zeniguten artistei, harresietan etxetik Aske Gunera eta Aske Gunetik etxera babestu gintuzuenoi, otorduak prestatu zenituztenei, musikaz orduak alaitu zenituzten musikariei, janaria zein edaria eskaini zenuten tabernei, dendari eta herritarrei, hunkitu gintuzuen bertsolariei, ekimen, bideo-emanaldi edo hitzaldi desberdinak eskaini zituzten eragile guztiei, muxu edo besarkada bat ematera gerturatu zineten guztioi, azken hiru egunetan gau eta egun babestu gintuzuenoi, gizon eta emakume armatuek eman dezaketen beldurraren aurrean duintasunez tinko mantendu zineten guztioi, jipoitu, kolpatu edo irain sexistak jasan zenituzten guztioi, gu pertsonalki ezagutu gabe Euskal Herriko txoko desberdinetatik Aske Gunera etorri zineten guztioi... Zuei guztioi, zuentzat, gure miresmen osoa.
Eredu ikaragarria eman zenuten eta hori bai izango dela historikoa. Zuena, herriaren borroka. Zuek baitzarete euskal herritar gehiago espetxera eramatea ekidingo duzuen herri harresiaren adreiluak, zuek baitzarete espetxeetatik euskal herritarrak, euskal preso politikoak aterako dituzuenak.
Aldiz, Aske Gunea ez zen Donostiako Bulebarrean jaio; bere hastapenean epaiketa politikoen aurka aspalditik egin diren beste hamaika herri ekimen baitago. Esperantzako frontoian hasita, Izpuruko auzipetuen ekime- na, Aurore Martinek jasotako babesa edo Oreretako gazteen ekimena, besteak beste. Pausoz pauso, guztiak garai desberdinetan, baina denak norabide berberean eta oinarri komun batekin: epaiketa eta espetxeratze politikoak geldiarazteko helburuarekin, Herri Harresiaren bitartez dagozkigun eskubide sozial eta politikoen aldarrikapena gauzatu dugu.
Gutxinaka, ekimen txikienetik handienera osatzen joan den herri ekimena da hau; eta, noski, nahiz eta aurrerapauso handiak eman diren, espetxeratze politiko guztiak geldiarazi arte amaituko ez den mugimendua da.
Baina ez hori soilik. Herri honek bere ibilbide politikoan lorpen asko ditu oraindik eskuratzeko; esaterako, ezinbestekoak diren giza eskubideak berreskuratzea, ezinbestean desobedientzia eta konpromiso irmoaz lortu eta borrokatu beharko ditugunak.
Gaur, espetxeratuak izan garen Donostialdeko gazte independentistak Euskal Preso Politikoen Kolektiboko parte gara; beraz, zoritxarrez, euskal preso politikoen zerrenda luzea handitu dugu.
Sekula zentzurik izan ez badu, gaur inoiz baino gehiago kartzelak husteko garaia dela aldarrikatzen dugu, eta ez horiek betetzekoa. Bide horretan baina, lehentasunezko erronkak ditugu: kolektiboko kideak Euskal Herriratzea, gaixorik dauden presoak kaleratzea eta biziarteko zigorra ezartzen duen doktrina indargabetzea, besteak beste.
Eraikitako herri harresiaren oinarriarekin, eta honek erakutsitako indar eta eraginkortasunaz baliatu behar dugu mendekuzko espetxe politika kriminala amaiarazteko. Indar metaketak areagotuz, herritarren kemen eta konpromisoaz borroka eta babes gune zabalak eraikitzen jarraitu behar dugu. Horretarako, badugu epe motzera erronka eta aukera paregabea. Maiatzaren 18an bete ditzagun Euskal Herriko plaza eta txoko guztiak!
Azkenik, muxu eta besarkadarik handiena helarazi nahi diegu Aske Gunean egon ezin izan ziren eta lagun eta kide ditugun Imanol eta Nahikariri, baita Ohiana txikiari ere. Modu berean, baita epaiketa politikoen zain dauden edo hemendik gutxira sententzia politikoak jasoko dituzten euskal herritar guztiei ere. Hemendik gure animo guztia haientzat, epaiketa hauek geldiarazteko indar guztiarekin batera.
Herriaren babes, elkartasun eta konpromisoaz, desobedientzia eta erresistentzia praktikan jarriz; herri harresiaren bidea posible dela, gauzagarria eta eraginkorra dela sinisten baitugu.
Beraz, animo ekinbide berri zein indartsu horretan. Duintasunez eta konbentzimendu osoz, irabaziko dugu!
(*) Oier Lorente, Adur Fernandez, Aitor Olaizola, Egoi Alberdi, Ekaitz Ezkerra
Euskal preso politikoak. Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetatik