Xabier Izaga Kazetaria
Letra larriz idatzitako egunen garrantzia
Atzo Prentsa Askatasunaren Munduko Eguna izan zen. Prentsa askatasuna gizarte demokratikoen oinarrietakoa omen da; beraz, Mugarik Gabeko Kazetariek gogorarazten digutenez, informazio askatasuna sistema demokratikorik ez duten herrialdeetan urratzen da eskuarki, eta kazetari preso gehienak herrialde diktatorial edo autoritarioetako kartzeletan daude; esate baterako, «Txinan, Iranen, Eritrean edo Vietnamen». Hala ere, ba omen dira demokratikotzat jotako beste herrialde batzuk kazetari preso ugari dituztenak. Mugarik Gabeko Kazetariek Turkia aipatzen dute. Adibide bat baino ez da. Badira gehiago, ordea. Urrunera gabe, orain dela 15 urte «Egin» egunkaria itxi zuenetik joan den astean Ernai gazte erakunde abertzalearen webgunea itxi artean beste hainbat hedabide desagerrarazi dituena. Oraindik «Egin»-eko zenbait kazetari eta haren enpresako zenbait kide giltzapean dituen bera.
Ekainaren 26an Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna da. Gizarte demokratikoetan tortura ez omen da onargarria, baina goian esandako herrialde diktatorial eta autoritarioetan normala da tortura izatea; demokratikotzat jotako beste hainbatetan, berriz... ere bai: Turkian, Israelen, Ameriketako Estatu Batuetan... eta, berriro ere, Estatu espainiarrean. Inor ez da perfektua, ezta?
Egia esanda, ez dakit horrelako egunek ezertarako balio ote duten, gobernu eta gainerako erakunde ofizialetako ordezkariek diskurtso arranditsuak egiteko ez bada. Oroitarazten edo salatzen dutenaren aurkako borrokak urtean egun bat baino gehiago behar dute, nonbait.
Oraindik orain Elikaduraren Nazioarteko Egunaren berri jakin dut. Urriaren 16an izaten da gosearen aurkako egun hori. Eta herenegun arte ez nuen jakin 2010 eta 2012 artean Somalian 260.000 lagun gosez hil direla, horien erdiak bost urtetik beherako haurrak. Zorte txarra gero, gosez hiltzen direnena. Atentatu terrorista baten ondorioz hildako europar edo iparramerikarrak ez bezala, inork ez ditu gogoratzen; besteak beste, gehienok ez dugulako haien heriotzaren berri izaten.