GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Altuegi, bai, ziur?

Batzuen egoa (hatxerik gabe, bai!) lehertzen zen bitartean, adineko emakume batzuen ezpainek argi zioten: bizitzaren sekretuaren gakoa eskuetan izanda, nork galduko luke denbora protagonismo lehiatan?

Baigorri, giro ederra, ipar eta hego, zahar eta gazte, lagun multzo handia, denok kantuz. Baina denok maila berean ez. Tonuaren auzia piztu denean atzeman dut. «Hau ez da tonua», dio gizon batek. Berrogei emakumeren irribarre gaiztoak besterik esaten dit, baina abesbatzaren burua haserre dago. Oraingoan ere tonu mugatuak dituen soinu ttikiak kale egin du, nonbait! Sol maior kaskar hau!

Ez du osorik kale egin, berriz. Batzuen haserrea beste batzuen aldarrikapena bilakatu da: eta gu, zer? Guk ez al dugu tonu egokirik? To, leihotik bota nahi genuen afera ate nagusitik sartu da, eta nola, gainera!

Kantatzen ari ginen, baita tonuz okertu ere, ala ez, batek daki! Izan ere, zein da tonu egokia? Berrogei emakume bildurik gizon bakarraren araberakoa? Ba, batzuen ustez, bai. Haserre aurpegia ikusi behar! Zer egin dugu! Denok oso modernoak gara, baina tonu aferetan, gizonak nagusi, horixe bera falta zen! Ez dut demagogia errazik eginen. Soinu baten mugaz ari gara, bestalde. Bestela, ene miserian, ez nintzen konturatuko! Baina gertatu zen eta patxarana eskuetan izanik ere, une batez, kontraesan ugari agertu ziren likore gorriaren azalean!

Zutabe honekin ez dut lagunen zerrenda lodituko, menturaz, baina, zer esanen dizuet? Zenbat eta gehiago pentsatu, gero eta argiago ikusi! Zazpi urteko alaba daukat eta halako mundua luzatzen badiot, ez da, bederen, guziz ados nagoelako. Erraza da munduko iraultzaileena zarela sinestea, baina, aizu, sol maiorra eskasa da, gizonezkoek, ehuneko bata izanik ere, kantatzeko zailtasunak dituztelako, ditugulako!

Mundua honela aldatuko dugula aldarrikatzen dugu, barka, aldarrikatu nahi, gehiengoa osatzen duten emakumeak ahots beharturik dauden bitartean, tonua haiendako ezegokia delako! Aitortuko dizuet: nahiago dut halakoetan haserretu eta aitaren esku- soinua astintzen duen alaba izan, mantsoki artaldean kantuz segitzen duen emakume haserretua hazi baino. Kasu, bestela iruditu arren, ez naiz inoren kontra ari. Izan ere, lehen harria jaurtiz gero, ene buruaren kontra botako nuke indar oroz, merezita! Alaba bat egin eta hazi behar munduko emakume guziek sortu bezain laster atzeman zutena urrutitik atzemateko!

Bai, ez da sobera txalogarria, baina nik ez dut esku zartak biltzeko idazten, egunen batean alabak auzo-lotsarik izan gabe irakurtzeko baizik. Izan ere, bestela, zertarako idaz dezake alaba bakarraren aita batek?

Ene lotsaz ari naiz. Ene akatsez. Atzeman gabe egiten dugunaz. Hain zuzen ere, atzeman gabe egiten dugulako. Hori aldatu gabe ez baitago mundua aldatzerik.

Emakumeak gizonak baino bizkorragoak direla esan eta ordu tikitan ligatzeko estrategia kaskarra dela pentsatzen dute batzuek. Ez da hala, aldiz. Izan zirelako gara. Ustezko tonu okertzearen aurreko irrian munduaren sekretua zegoen. Batzuen egoa (hatxerik gabe, bai!) lehertzen zen bitartean, adineko emakume batzuen ezpainek argi zioten: bizitzaren sekretuaren gakoa eskuetan izanda, nork galduko luke denbora protagonismo lehiatan?

Erantzuna erraza da. Baita iraingarria ere: gizonok! Halakoak gara eta geure emakumeek debalde eta minik sortu nahi gabe eskaintzen dizkiguten ikasgaiei erreparatu beharko genieke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo