GARA > Idatzia > Kultura

Joxan Goikoetxea, Harkaitz Cano eta Petti, gauak utzitako zirrikituetan elkarturik

Joxan Goikoetxea, Harkaitz Cano eta Petti lehenengo aldiz elkartu eta lanean jarri ditu Joxeanjel Arbelaitzek. Bakoitzak beretik eta ondokoarenetik ikasiz, «Gau-beranduan» ikuskizuna sortu dute, poesia eta musikaren bitartez gauaren zirrikituetan barneratuko dituena. Okasiorako bereziki sortutako testuak edo zaharragoak tartekatuko dituzte. Gaur iluntzean izango dute estreinaldia, Usurbilgo Sutegi aretoan, 20.00etan.

p052_f01.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Ez zuten elkar ezagutzen, nahiz eta batak bestearen lana gertutik jarraitu. «Zelestino» batek elkartu zituen eta ez zuten zalantzarik izan, elkarrekin zerbait egitekotan, gauaren inguruan arituko zirela. «Ezin da kasualitatea izan, erabaki genuen lehen gauza izan zen hori, tonua gautxoriarena izango zela -gogoratu zuen Harkaitz Canok-. Izango da gauak ertzak lausotu egiten dituela, konfidentziarako eta konspiraziorako lekua dela...».

Hortik sortu zen «Gau-beranduan», poesiaz -errezitatua nahiz kantatua- eta musikaz osatutako ikuskizuna, lehen aldiz gaur 20.00etatik aurrera Usurbilgo Sutegi aretoan ikusi ahal izango dena. Eta, oraindik emanaldi gehiagorik lotuta ez badute ere, jarraitzeko asmoarekin jaio dena.

«Koadro bat balitz, esango nuke orban ilun batetik abiatzen garela eta gero zerbait figuratiboa iradoki nahi dugula apurka-apurka entzulearen baitan. Ez dago hari zehatz bat, giro eta atmosferen bidezko ibilbide bat baizik: iluntasunetik argirantz», zehaztu zuen Canok. Eta deskribapen hori entzunda, pentsatzekoa da Pettiren «On» diskoko zenbait kantuk bere tartea izango dutela. «Tonu ezberdinetako kantuak daude, gaua ere halakoxea delako: festarako, samurtasunerako eta hausnarketarako unez betea».

Lasartearrak GARAri iragarri dionez, Pettik gitarra eta ahotsa jarriko ditu, eta Joxan Goikoetxeak teklatua eta akordeoia erantsiko ditu; «kolore eta ñabardura zoragarriak ateratzen dizkie Pettiren kantuei», azpimarratu zuen. Testu gehienak musikaz lagunduta joango dira, «eta zorte pixka batekin, Petti entzungo dugu zerbait errezitatzen. Kantari bikaina izateaz gain, errezitatzaile aparta ere bada. Horretara dedika zitekeen, nahi izatera», gaineratu zuen Canok.

Testuei dagokienez, denetik egongo dela dio Canok. «Norbait dabil sute-eskaileran» liburuaren garaiko poemaren bat ere bai. Gehienak, ordea, ezezagunak izango dira, «tartean poema luze-luze bat, erabat amaitu gabe dagoena oraindik, jende aurrean irakurri ahala aldatzen noan pieza bat, Allen Ginsberg-en `Ulua' poemak akuilatuta idazten ari naizena».

ERREZITATZAILE

Testu gehienak musikaz lagunduta joango dira. «Eta zorte pixka batekin, Petti entzungo dugu zerbait errezitatzen. Kantari bikaina izateaz gain, errezitatzaile aparta ere bada. Horretara dedika zitekeen, nahi izatera», iragarri du Harkaitz Canok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo