GARA > Idatzia > Euskal Herria

Egoitza eta eguneko zentroen sare zabala du Aita Mennik adinekoak eta eriak zaintzeko

Arreta sanitario eta soziosanitarioan erreferente da Aita Menni Ospitalea. Buruko gaixotasunak eta garuneko kalteak dituzten pertsonei ematen die arreta, baita adinekoei ere. Arrasatekoaz gain, beste 21 egoitza ditu, eta eguneko zentro eta baliabide anbulatorioak EAE osoan.

p018_f01.jpg

GARA | ARRASATE

Buruko gaixotasunak eta eritasun neurologikoak dituzten pertsonei eta horien familiei arreta osoa emateko xedearekin lan egiten dute Aita Menni Ospitalean, Arrasateko instalazioetan eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zabaldutako beste 21 egoitza, eguneko zentro eta baliabide anbulatorioetan.

Irabazi asmorik gabeko erakundea da Aita Menni, Ahizpa Ospitalarien Kongregazioarena. Administrazio publikoen babesa du eta EAEko eremu soziosanitario berria eraikitzen laguntzen ari da. Hain zuzen, Lakuako Gobernuari «ezinbesteko» lan honen berri zuzen-zuzenean emateko asmoz, bisita gidatua egin zuten atzo Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Jon Darpon Osasun sailburuarekin Arrasateko egoitzan.

Osasun zentroko Zuzendaritza kontseilariarekin batera, eremu ugari ezagutu zituzten bertatik bertara, eta profesionalek nola lan egiten duten ikusi ahal izan zuten. Egonaldi Ertaineko Unitatean egon ziren, Urritasun Intelektualen eta Jokabide Nahasmenduenean, Lege Psikiatriako Unitatean, Hartutako Kalte Zerebralekoan... Buru-gaixotasunetan eta gaixotasun neurologikoetan bigarren mailako zaurgarritasun egoeran diren lagunak hartzen dituzte horietan.

Bisitaren ondotik, gaixotasunak dituztenei «zaintzarik onena» eskaintzen dioten profesionalen lana eta dedikazioa txalotu zituen lehendakariak. «Osasun zerbitzuak, Aita Menni Ospitale hau bezalaxe, pertsonek pertsonei eskaintzen dizkioten zerbitzuak dira. Pertsonak proiektu baten ardatzean nola jarri erakusten duten eredua dira, bereziki zailtasunak dituzten pertsonez ari garenean», adierazi zuen.

Eritasunak dituzten pertsonen senideei ere zuzendu zizkien hitzak, horiek profesionalengan jartzen duten konfiantza goraipatuz.

Mikel Tellaetxe ospitaleko kudeatzaileak, lehendakariari eta Osasun sailburuari etortzeagatik eskerrak emateaz gain, nabarmendu zuen Aita Mennik harreman estua duela sail honekin herritarren behar sanitarioak eta soziosanitarioak betetzeko sortzen dituzten proiektu berriak garatzeko lanean.

harreman estua

Mikel Tellaetxe erietxeko kudeatzaileak nabarmendu zuenez, harreman estua dute Osasun Sailarekin herritarren behar sanitarioak eta soziosanitarioak betetzera bideratutako proiektu berriak garatzeko lanean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo