GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Final-laurdenetarako azken txartelak banatuko dira

Gaur, Ataunen, eta bihar, Galdakaon, jokatuko dira final-zortzirenetako azken bi kanporaketak.

p043_f01.jpg

Jon LEUNDA

Urrezko Aizkoran final-zortzirenetako azkeneko bi kanporaketak jokatuko dira gaur eta bihar. Gaur Ataunen izango da kanporaketa, 19.00etan, eta bihar, berriz, Galdakaon izango da norgehiagoka, 12.30ean

Joseba Otaegi, Jon Rekondo eta Mikel Larrañaga neurtuko dira gaur Ataunen. Hiru aizkolariak maila handikoak dira, hirurak ere gazteak, eta ikusmin handia piztu du saio honek. Lan ezberdinak egin beharko dituzte aizkolariek, iraupen probarekin amaitzeko, eta lehen biek lortuko dute hurrengo kanporaketan, alegia, final-laurdenetan aritzeko txartela.

Joseba Otaegik jokatu berri du apustua eta orduko mailari eusten baldin badio, aurrera egiteko faboritoa da, nahiz eta lana ezberdina den. Mikel Larrañaga ere bikain dabilen aizkolaria da, eta bera ere oso kontuan hartu beharko da, baita Jon Rekondo ere. Leitzarra azken urte hauetan lehiaketa honetan oso aurrean amaitzen duen aizkolaria da, eta gaur ere irabaztetik ez da aparte geratuko.

Bihar Galdakaon, berriz, Atutxa II.a, Kañamares III.a, Jauregi eta Mujika neurtuko dira. Kanporaketa honetan Mujika eta Jauregi berreskuratu dituzte, Olasagastiren eta Azurmendiren ordez. Bi gipuzkoarrek zenbait arazo dituzte, eta parte hartzerik ez dutenez, Ibarrakoak eta Ilarduiakoak beste aukera bat izango dute. Hemen ere lan ezberdinak egin beharko dituzte aizkolariek, eta denetako denborak batu ostean, lehen biek lortuko dute hurrengo kanporaketan aritzeko txartela.

Aitzol Atutxa da, dudarik gabe, garaipena lortzeko faboritoa. Bizkaitarra podiuma zapalduz dabil azken urte hauetan, eta aurten ere hor sartzeko faboritoetako bat da. Hortik aurrera edonork lor dezake aurrera egiteko txartela. Lan laburrak izaten dira, eta hor aukera asko zabaltzen dira, edozein deskuiduk aukerarik gabe utz baitezake onena ere. Izenei begiratuta, Mujikak izan beharko luke aurrera egiten duen bestea, baina Jauregi ere oso ongi moldatzen da lan hauetara, baita Julen Kañamares ere.

Bi saio hauen ostean, jakingo da zein aizkolari arituko diren final-laurdenetan. Jadanik, Nazabalek, Lopezek, Mugertza II.ak eta Erasunek txartela eskuetan dute. Orain artekoan, ikus daiteke gazteak ere badatozela beteranoen lekua hartuz. Lopez eta Nazabal mantentzen dira. Beraiek dira, gainera, azken bi urte hauetako txapeldunak, baina tartean sartu dira bi gazte ere, eta gaur eta biharko kanporaketetan ere gazteak izango direnez, sailkatuko diren beste laurak ere horrelaxe izango dira. Hori dudarik gabe, aizkoraren etorkizunerako berri ona da, baita zaleentzat ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo