GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea

Aimar Irigoien errezildarra buru eta faborito dela jokatuko da Adunan Gorostidi Harria txapelketa

J.L.

Hamar harri-jasotzaile neurtuko dira bihar, 18.00etatik aurrera, Adunako pilotalekuan, Gorostidi Harria txapelketan. 175 kiloko zilindro zaharra erabiliko du kirolari bakoitzak, eta bost minutuko txanda bana izango dute kirolariek.

Aimar Irigoien, Telleria II.a, Urrutia, Ugartemendia, Izeta III.a, Eizmendi, Lertxundi, Urpe, Ostolatza eta Galarraga neurtuko dira. Guztien gainetik Aimar Irigoien agertzen da. Errezildarra da garaipena erdiesteko faborito nagusia, eta badirudi, Joseba Ostolatza izan daitekeela bere aurkari nagusia.

Hortik atzera, gauzak orekatuak izango diren itxura dago, eta postu bakoitza lortzeko borroka handia izango da gainerako kirolarien artean.

Saio honek sekulako ikusmina pizten du, eta bihar ere jendetza batuko da Adunako pilotalekuan. Sarrerarik ez da egoten, eta horrek berak ere asko errazten du. Azken urte hauetan indar handia hartu duen lehiaketa da hau, eta zaleek erantzunik handienetakoa ematen duten txapelketa ere bihurtu da Adunakoa.

Biharkoa bakarrik ez da izango, ordea, harri jasotzen asteburu honetan jokatuko den lehiaketa. Urrezko Harri-jasotze Txapelketa ere jokatuko baita aurten. Gaur bertan abiatuko da Ataunen, Urrezko Aizkorarekin batera.

Gaur hasiko den lehiaketa honek amaiera ekainaren 2an izango du Azpeitian, aizkorako beste hiru lehiaketekin batera, txapel guztiak batera banatzeko asmoa azaldu baitu Egur Sport enpresa antolatzaileak.

Txapelketa honetan hiru harri ezberdin erabiliko ditu kirolari bakoitzak, eta guztiak ere 100 kilokoak izango dira. Zilindro zaharra, kubikoa eta bola erabiliko dira, eta bakoitzarekin bi minutuko txanda izango da. Hemen egongo da berrikuntza; izan ere, kirolariak pisatu egingo dira eta arinenak beti lanerako denbora gehiago izango du, bere pisuaren arabera. Lehen jardunaldian, gaur Ataunen, 19.00etan hasita, Mikel Lopetegi gipuzkoarra eta Jon Atutxa arabarra neurtuko dira. Biak ere oso harri-jasotzaile gazteak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo