Kirolari ezagun ugarik bat egin du presoen aldeko Lasterbidean ekimenarekin
Oiartzunen ekainaren 2an estreinakoz egingo den Lasterbidean lasterketak hamaika kirolari bildu ditu bere inguruan: pilotari ugari, futbolari eta futbolari ohiak, atletak... «Hau da gure ekarpena», adierazi dute.
GARA | DONOSTIA
Lasterbidean «nazio elkartasun lasterketaren» hitzordurako hilabete eskas falta denean, Gasteizen kirolari askoren sostengua aurkeztu zuten atzo antolatzaileek. Izen garrantzitsuak daude tartean.
Pilotari ugari, esaterako: Aimar eta Asier Olaizola, Oinatz Bengoetxea, Aratz Mendizabal, Imanol Agirre, Oskar Lasa, Fernando Goñi, Pello Martinez de Eulate eta Oier Zearra. Koikili eta Eneko Romo futbolariak, Roberto Martinez Tiko, Aitor Lopez Rekarte eta Jesus Mari Satrustegi futbolari ohiak, eta Mikel Etxarri eta Angel Garitano Ondarru entrenatzaileak ere ageri dira zerrendan.
Mendi korrikalari eta arraunlari anitz batu ditu ekimenak. Eta beste kirol askotan goi mailakoak diren edo izan ziren izenak: Iker Pou, Eneko Pou eta Irati Anda eskalatzaileak, Aimar Irigoien harri-jasotzailea, Naroa Agirre pertika jauzilaria, Markel Irizar txirrindularia, Neil Stephen txirrindulari ohia, Inge Mitxelena hockey jokalari ohia, Xabier Mikel Errekondo eskubaloi jokalari izandakoa...
Agerraldian, horien ordezkaritza batek nabarmendu zuenez, euskal herritarron oinarrizko eskubideen alde egingo du ekimen honek. Lasterbidean «Etxerat elkartearen helburuekin bat egiten duen herritar talde batetik abiatutako ekimena da, baina gertukoa zaien esparrutik, hots, kirolaren mundutik egoera honi ekarpena egiteko asmoz diharduen herritarrak direlarik», azaldu zuten.
Mobilizazioak
Atzo gauean, ostiralero bezala presoen eskubideen alde 150 lagun bildu ziren Bilbon, Sabin Etxearen aurrean, 60 Mutrikun, 125 Lekeition, 37 Getarian, 12 Lezaman, 39 Lizarran, 60 Deban, 54 Ugaon, 27 Legorretan, 198 Ondarroan, 40 Agurainen, 35 Asparrenan, 172 Zarautzen, 34 Lizartzan, 53 Lazkaon, 30 Elgoibarren, 96 Durangon, 250 Hernanin, 18 Zizurren, 196 Oreretan, 98 Algortan, 22 Baztanen, 20 Noainen, 37 Tafallan, 70 Oñatin, 58 Arbizun, 55 Bergaran, 42 Amurrion, 7 Gatikan, 84 Galdakaon, 106 Zornotzan, 64 Etxarri Aranatzen, 24 Beran eta 36 Lezon, besteak beste.
Ekimen jendetsuenak Gasteizkoa eta Iruñekoa izan ziren. Arabako hiriburuan 445 lagun elkartu ziren, eta Nafarroakoan 358. Astebururako, elkartasun eguna deitu dute Hernanin eta Getxotik Valladolideko espetxera martxa egingo dute.