Monumentu historiko izendapena duen «Patchiku» ontzia, Morbihanera bidean
A.B. | DONIBANE LOHIZUNE
«Patchiku» ontziak, atuna eta sardina arrantzatzeko zurezko 12 metrokoak, publikoari ateak zabaldu zizkion atzo Donibane Lohizuneko portuan.
Ziburuko Marin ontziolan 1959an eraikia, monumentu historiko izendapena duen ontziak 2003an utzi zuen erabat itsasoko jarduna. 2011n erreberritua izan zen, osoki, eta, geroztik, «Patchiku»-k Euskal Herriko itsas ondarearen lekuko gisa hainbat ekitalditan parte hartzen du. Atzoko bisitaren ondotik, maiatzaren 5ean itsasoratuko da Donibane Lohizuneko portutik Bretainiako Morbihan portura iristeko.
Morbihanen, izan ere, maiatzaren 20ra arte Europa osoko izaera bereziko ontzien topagunean parte hartuko du. «Patchiku», «Airosa» izeneko ontziarekin batera, Donibane Lohizuneko mota horretako azkeneko atun ontzia zen.
Ziburuko itsasoaren bestan
Morbihaneko golkoan eginen duen bisitaren ondotik, abuztuaren 5 eta 11 artean Santanderreko Pedreña portutik Zibururaino igaroko den Teink batel lehiaketan parte hartuko du, eta, irailean, Ziburuko itsasoaren bestan egonen da.