GARA > Idatzia > Ekonomia

SAMeko langileek greba egin dute kaleratzeak atzera botatzeko eskatuz

p029_f04.jpg

GARA | DONOSTIA

Tolosako SAM enpresako langileek greba eguna izan zuten atzo, zuzendaritzak azken urteetan egin dituen kaleratzeak salatzeko eta atzera bota ditzan eskatzeko. Protesta egunaren baitan, goizean auto karabana egin zuten Tolosatik Donostiara eta, ondoren, kontzentrazioa Enplegu eta Gizarte Sailaren egoitza aurrean.

Atzoko mobilizazioekin, enpresari kaleratze gehiago ez egiteko eta orain artekoak erretiratzeko eskatzeaz gain, kaltetutako langileei elkartasuna adierazi nahi izan zieten Enplegu Sailean sartutako erreklamazioaren aurrean.

Langile batzordeak ohar baten bidez jakinarazi zuenez, martxoaren 31n bost langile kaleratu zituen enpresak. Guztira, 2011ko irailetik hona, 17 izan dira kaleratutako pertsonak.

Dibidendu banaketa

Enpresak arrazoi ekonomiko eta produktiboak erabiltzen ditu kaleratzeak justifikatzeko, baina batzordearen ustez, «benetako arrazoia» beste bat da; hain zuzen ere, «Madrileko Tompla buru duen taldearen mozkinak ahalik eta gehien handitzea».

Gainera, batzordearen esanetan, 2009tik hona, «dibidendu banaketa izugarria izan du enpresak (6.700.000 euro). Tolosako lantegiko langileek sortutako aberastasuna enpresatik egun batetik bestera atera dute, enpresaren geroa kolokan jar zitekeela kontuan hartu gabe». Kaleratzeekin euren susmoak betetzen ari direla esan zuten.

Era berean, zuzendaritzaren jarrera salatu nahi izan zuten, enpresaren kudeaketari buruzko erabakiak Madrilen hartzeagatik. «Zuzendaritzak zintzo betetzen ditu langileen aurkako neurri guztiak, baita kaleratzeak ere», baieztatu zuen batzordeak.

Hala ere, gatazka konpondu nahian, zuzendaritzarekin mahai baten bueltan bildu eta enpresaren etorkizunari buruz hitz egiteko prest agertu dira langileak, beti ere, kaleratzeak atzera botatzen baditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo