GARA > Idatzia > Mundua

Bhuttoren heriotza ikertzen ari zen fiskala eta hautagai bat hil dituzte Pakistanen

Benazir Bhutto lehen ministro ohiaren heriotza ikertzen ari zen fiskal nagusia hil zuten atzo goizean epaitegira zihoanean. Pervez Musharraf jeneral ohia, egun atxilotuta dagoena, Bhuttoren heriotzaz akusatu zuten. Fiskalaz gain, hautagai bat ere tirokatu zuten, semearekin zegoela.

GARA | ISLAMABAD

Chaudry Zulfiqar fiskalari Benazir Bhuttoren heriotza ikertzeko ardura eman zioten. 2007ko abenduaren 27an hil zuten Pakistango lehen ministro ohia, herrialdera itzuli ostean. Rawalpindin eman zuen mitina amaitutakoan, ekintzaile batek gorputzean zeraman lehergailua zartarazi, eta Bhutto bera eta beste 24 pertsona hil zituen. Atentatua gertatu zenean Pervez Musharraf jeneral ohia zegoen boterean. Handik hilabete eskasera kargua utzi zuen, Legebiltzarrak bera kargugabetzeko prozesu bat abian ipintzeko asmoa baitzuen.

Handik bi urtera, Bhuttoren heriotza ikertu zuen Nazio Batuen Erakundeko taldeko arduradunak Musharrafi leporatu zion gertatutakoaren ardura, eta gogor kritikatu zituen Pakistango agintariak atentatua behar bezala ez ikertzeagatik. «Ikerketak nahita porrot egin zuen. Bhutto babesteko erabakitasun falta egon zen», adierazi zuen Herlado Muñoz NBEko Txileko enbaxadoreak, txostenaren aurkezpenean, 2010eko apirilean. Musharrafek talibanak izan zirela esan zuen.

Atzo, «espaloian itxoiten ari ziren bi edo hiru gizonek Zulfiqarren autoaren kontra tiro egin zuten, honek norabidez aldatzeko ibilgailua galgatu zuenean. Tiroketak auto istripu bat eragin zuen. Beste ibilgailu bateko gidaria hil egin zen. Erasotzaileek ihes egitea lortu zuten», azaldu zuen Arshad Ali komisariako arduradunak.

Bestetik, laikoa den Awami National Party (ANP) talde politikoko hautagai bat, Sadiq Zaman Khattak, hil egin zuten Karatxin, sei urteko semearekin batera. Pastun etniakoa zen. Hilaren 11n ospatuko diren hauteskundeetan Asanblea Nazionalean eserleku bat eskuratzea espero zuen. ANP, MQM eta PPPrekin batera, gobernua osatzen duten koalizioko kidea da.

erasoak

Pakistango hedabideek egindako zenbaketaren arabera, azken hiru asteetan Legebiltzarrera eta eskualdeetako lau asanbleatara aurkeztekoak ziren 60 eta 70 hautagai artean hil dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo