GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

ARGIA. Xabier Letona

Aske Gunea eta bake prozesua

ETAren ondorengoan aktore politiko bakoitza nola kokatzen den ikusi dugu berriz ere Aske Gunearekin. PPk bere errepresio politikarekin jarraitzen du eta ez dirudi horri buelta eman nahi dionik. Krisi ekonomiko latzaren erdian, kohesio osagai da Espainiako batasuna, eta horri heldu dio. (...)

PSOEk badu aurrera egiteko borondaterik, baina geldo, hauteskundeetako hondamendien ondoren, bere birmoldaketan buru-belarri murgildua dago, krisiari eta estatu ereduaren berritzeari aurre nola egin asmatu ezinik. (...)

EAJ badabil bake bideak urratzen, elkarbizitzaren eta akordioaren bidetik Euskal Herrian orrialdea pasatzea oso bere interesakoa da. Esparruak ere argi finkatuak ditu, Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra eta, zehazkiago, Urkullu-Raxoi ardatza eta bakegintzako ponentzia -agur Aiete-. Ahal den neurrian, dena berak ondo kontrolatua; eta badirudi bide horretan PSErekin hobeto molda daitekeela (...).

Seguruenik horregatik, bere inguruko hedabideek ez zioten ia jaramonik egin Donostian Aske Gunearekin gertatu zenari, bereziki Ertzaintzak atxiloketak gauzatzeko izandako partehartzearen unera arte. Eta une horretan ere gutxi eta oso kontrolatua. EITBko medioetan ere -Euskadi Irratia besteak baino gehiago gerturatu arren- agerikoa izan da jarrera hori. Seguruenik EAJk irakurri du komeni dela ez haize gehiegi ematea ezker abertzalearen mugimendu garrantzitsu honi. Hala ere, gertakizunek berez hartu dute lekua eta garrantzia egunerokotasun informatiboan. Urak moduan, bere bidea egin dute. (...)

Gertakariek, mugimendua bultzatu duen ezker abertzalea bera ere gainditu dute seguruenik. Beste gauza bat da aurrera begira zer ekarri dezakeen. Oraingoz, «dena da ETA» doktrinapean auzipetuak diren 200 bat pertsona horien kasuek zeresan asko emango dute. Gizarteari gatazka konpondu barik dagoela gogorarazteko beta ezin aproposagoa ematen dio ezker abertzaleari -Madrilek eskainia berriz ere-.

Baina ezker abertzalearen logikan, hori ez da atzera begiratzea, hainbat buruzagi jeltzale eta sozialistek iradoki duten moduan, guztiz kontrara baizik. Orain arte ezker abertzaleak ez du desobedientzia zibilaren tekla modu aktibo eta estrategikoan sakatu -beste batzuen ahaleginak sostengatu baditu ere-, eta hau ikuspegi estrategikoa duen mugimendua da. Hastapen fase honetan, gainera, ibilbide handia du, erresistentzia baketsuak Estatuaren oso neurri injustuei erantzungo dielako eta hor, galtzeko baino -herritarren sostenguaren ikuspegitik- dena irabazteko delako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo