GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

KAZETA.INFO. Goizeder Taberna 2013/5/2

500etik haratago

(...) ipar Euskal Herriko 500 bat eragile eta tartean kolore orotako eragile politikoak zein arduradun publikoak, lurralde elkargo baten alde agertu dira. Bakoitzak bere interesekin, izan daitezen pertsonalak, kolektiboak ala, bistan dena, alderdikoiak, Baionako kanpusean antolatutako goi biltzarrean ziren guziek ezagupen instituzional baten alde egin dute. Ahalmen zabalak eta fiskalitate propioa, baina ez erantsia, duen erakunde bat eskatu dute boz batez.

Ez dela izanen espero dugun lurrade elkargoa iragarri du Frédérique Espagnac senatari sozialistak hitzordu horretan. Gure baitan jadanik bagenekien berri bat besterik ez... Baina hobe da gauzak argi erraten direnean. (...) Eskuineko arduradun politikoek, eta Lurralde elkargoaren aldeko Koordinazioko arduradun batzuek berek, parlamentari sozialisten zintzotasuna eta gobernuaren borondatea zalantzan jarri dute, behin eta berriz. Orain, gutienez argi da: ez da herriak eskatzen duen instituzioa izanen. Baina zerbait izanen da. Hala hitz eman du senatariak.

Ez dakigu zer eta funtsean, hemendik aitzina, guti inporta du horrek (hauteskundeetan pasako zaie faktura sozialistei), ipar Euskal Herriak lortzen ahal duen gauzarik garrantzitsuena jendartearen kontzientzia hartze bat, eragileen eta norbanakoen aktibazio bat eta eztabaida politikoaren aitzinamendua baita. Eztabaida demokratikoa. Bururaino eramaten saiatu beharko dena, kontsultaraino.

Helmuga hori (askorentzat, ez azkena) urrun da. Hartara heldu baino lehen izanen dira oztopoak eta gora beherak. Haatik, larunbatean lortu denarekin bakarrik konformatuz gero, oraino urrunago geldituko da helburua. Lurralde elkargoaren aldeko 500en manifestuarekin urrats historiko bat egin da, baina herritarren sustengu sendorik gabe, gertakari horrek bere indarra galduko du. Ekainaren 1eko manifestaldiaren arrakasta baitezpadakoa izanen da horretarako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo