GARA > Idatzia > Euskal Herria

600 aulki Iruñeko bihotzean, bi aste barru presoen alde kaleak betetzera deitzeko

Herrira mugimenduak mobilizazio deigarria egin zuen atzo Iruñeko Udaletxe plazan, datorren maiatzaren 18an burutuko den Plazara! ekimena prestatzeko. Hala, 600 aulki huts kokatu zituen Nafarroako hiriburuaren bihotzean, sakabanatuta dauden preso guztien adierazgarri.
p016_f02.jpg

GARA |

600 aulki. Estatu espainiar eta frantseseko kartzeletan sakabanatuta dauden euskal preso politikoak beste. Herrira mugimenduak ekimen sinboliko eta ikusgarria egin zuen atzo Nafarroako hiriburuko bihotzean bertan, Udaletxe plazan, datorren maiatzaren 18an burutuko den Plazara! mobilizazioan parte hartzera deitzeko.

Nestor Esteban euskalgintzako militanteak eta Elena Lakabe mugimendu feministako kideak hartu zuten hitza Iruñean. Plazaratu zutenez, Udaletxe plazan jarritako aulkiak «sakabanatuta dauden 600 presoen adierazgarri dira. Pertsona hauek espetxe politika bidegabea jasaten ari dira: espetxe politika honek presoen giza eskubideak urratzen ditu, eta traba da, gainera, konponbiderako eta bakerako bidean». Biek azpimarratu zutenez, «orain eta hemen aski dela esan nahi dugu, badela garaia gure herrian pertsona guztien giza eskubideak errespeta daitezen, badela garaia sufrimenduari eta salbuespen neurriei bukaera jartzeko».

Ildo horretan, herritarren «inplikazio aktiboa» eskatu zuten Espainiako Gobernua mantentzen ari den jarrera immobilista gainditzeko helburuarekin, «ideologia eta alderdikerien gainetik». Hortaz, datorren maiatzaren 18an Euskal Herriko plaza guztiak betetzera deitu zuten, «presoen aldeko errebindikazioa gizartearen esparru guztietara eramateko».

Urkijo, dispertsioaren kontra

Bestalde, Txema Urkijo Biktimen Arretarako Lakuako Gobernuko koordinatzailea dispertsioaren kontra agertu zen atzo. Bere ustez, preso politikoen gerturatzeak ETAren desegitea erraztuko luke. Hala, arlo honetan Gasteiz eta Madrileko gobernuek «akordioak» lortu beharko lituzketela nabarmendu zuen. Bide horretan sakonduz, Urkijok honakoa ere gaineratu zuen: «Egungo legeak aldatu gabe ere, Arnaldo Otegi eta ezker abertzalearen baitan aldaketa sorrarazi duten gainontzeko politikariak kalean egoteko aukera egon badago».

Beste arloei begira, atzotik Elkartasun Astea martxan da Hernanin. Atzo bertan, herriko gazteak Donostiakoekin lehiatzeko asmoa zuten; Adarra mendira igotzea zuten desafio. Aste berezi honen baitan, «Espetxeak eta sorkuntza» hitzaldia izango da etzi, 19.30etan, Karboneran. Ostegunean bertso musikatuak izango dira Garin tabernan, 21.30etan, eta, datorren larunbatean, azkenik, egun osoko festa izango da goizeko krosarekin hasita.

HERNANI

Atzo eman zitzaion hasiera Elkartasun Astea delakoari Hernanin, herriko eta Donostiako gazteen arteko desafioarekin. Hitzaldiak, bertso musikatuak eta mobilizazioak izango dira larunbatera arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo