GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etorkizunean izango diren erronka nagusiei begira egin du Sortuk bere aurkezpen ekitaldia Donostian

p018_f01.jpg

GARA |

Donostiako Sortuk aurkezpen ekitaldia burutu zuen atzo Plaza Berrian, 300 bat herritarren aurrean. Bertan, aurrera begirako erronka nagusiei buruz mintzatu zen alderdia, baita horiei aurre egiteko erabili beharreko erreminta eta estrategien inguruan ere.

Iñigo Balda Donostiako zinegotzi ohiak hartu zuen hitza aurrena. Oholtzan, ekitaldi osoan zehar bertan mantendu ziren belaunaldi ezberdinetako 30 militante. Azken urteotako ibilbidearen errepasoa egin zuen Baldak, legez kanpo emandako garai «gogorrei» arreta berezia eskainiz. «Orain, lanean segitzeko baldintza berriak sortu ditugu», nabarmendu zuen. Sortu alderdia tresna berria izanda ere, ezker abertzalearen borroka ibilbidearen irakaspena gainean daramala azpimarratu zuen zinegotzi ohiak.

Erreminta edo tresna berri honi zeregin garbia egotzi zion Baldak: «Herri honek behar duen aldaketaren motorra izan behar gara, auzoz auzo, herriz herri, herritarrekin eta eragile sozial eta politikoekin eskuz esku lan eginez, indarrak etengabe metatuz. Militantzia eta konpromisoa, horiek izan behar dute gure oinarria».

Gazte auziperatuak, presente

Harpa jotzaile baten doinuek eman zioten paso Onintza Rojas gazteari. Gazteriak bizi duen egoera errotik aldatzeko, egunez egun alternatibak eraikitzearen garrantzia azpimarratu zuen Rojasek. Orain dela aste gutxi Bulebarreko Aske Gunean atxilotutako gazteentzat oroimen berezia izan zuten hizlariek.

Joseba Alvarezek, Donostiako Kontseiluko kide guztiekin batera, lehen hitzak kartzelan dauden militante politikoentzat izan zituen. Sorturen lanaren helburu nagusia, Alvarezek berak argitu zuenez, «Donostiako bazter guztietara» ailegatzea izango da. «Ahalik eta donostiar gehien aktibatzea lortu behar dugu. Herritarron indarrean sinesten baitugu guk», azaldu zuen Donostiako Sorturen koordinatzaileak.

Lan instituzionalari dagokionez, EH Bildu koalizioaren erronkak aipatu zituzten aurkezpenean. Eremu honetan egiten ari diren lanak berebiziko garrantzia duela azpimarratu zuten, lan hori oposizioa «urduri» jartzen ari dela baieztatuz.

Zenbait komunikabiderentzako hitz kritikoak ere izan zituzten: «Milaka donostiarri errealitate desitxuratua helarazten diete egunero. Horra hor gure erronkaren neurria».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo