GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herri Urratseko gune berrian, zazpi probintzietako lagunak elkarrekin dantzan

Harridura ikur bat, orain arte egindakoa baieztatzeko; galderaren zeinua, besta zertarako den oroitzeko; eta ezinbestean etorkizunaz mintzatzen diren eten puntuak. Hauek osatzen dute igandean Kanboko Xalbador kolegioaren alde ospatuko den Herri Urratsen logotipoa.

p017_f01.jpg

GARA | SENPERE

Ipar Euskal Herriko ikastolei laguntzeko besta igande honetan eginen da Senperen, xede garrantzitsu batekin: Xalbador kolegioaren eraberritze proiektua finantzatzea. Hain zuzen, Kanboko kolegioko Nere Pentzea etxea erosteko jaio zen Herri Urrats 1984an. Hortaz, biek batera betetzen dituzte urteak. Antolatzaileek azaldu dutenez, Xalbadorrek euskararen egoera zein den ere erakusten du: «Gure kultura aterpetzen duen eraikin zahar hau mantentzeko, euskara alegia, arraberritu behar dugu bai kanpotik, bai barnetik. Eta horrek lana eskatzen du, eta engaiamendu bat, 30 urteotan Pirinioen bi aldeetako euskal gizarteak Herri Urratsen parte hartuz erakutsi duena».

Orain, kolegioa bere oinarrietatik berregiten ari da Seaska, eta horretarako bultzada emanen dio lakuaren inguruko ospakizunak, iazko edizioan bezala. Obrak «aski aitzinatuak» daudela eta heldu den ikasturtean sartzerako bukatuak izanen direla adierazi dute.

Gezurra badirudi ere, Senpereko aintziraren inguruan bazen besta honetan sekula erabiltzen ez zen espazio bat: hondartza. Eta bertan irudikatu dute aurten txoko berri bat, hitz jokoa eginez «Hordantza» izena jarri diotena, dantza emanaldietarako lekua izanen baita Zuberoa gunean, uharte ttikiaren parean, kokatutako agertokia.

30. urteurrena ospatzeko, zazpi probintzietako dantza taldeak gonbidatu dituzte, eta hauek etorriko dira: Lapurdiko Arbonarrak, Nafarroa Behereko Garaztarrak, Zuberoko Kautere Balet, Gipuzkoako Kemen, Nafarroako Ortzadar, Bizkaiko Andramari eta Arabako Algara. Dantza tradizionalak eta sorkuntzak ekarriko dituzte.

Bertze haur txoko handi bat

Orain arte dantza emanaldiak Gipuzkoa gunean egiten ziren, baina jaia prestatzen ari diren langileek kontatu dutenez, bertze haurren txoko handi bat muntatzeko erabiliko dute toki hori. Urteotan, haurren txokoaren arrakasta, bumeran baten gisan, bere aurka itzuli dela ikusi dute: bertako ekintzek hainbertze ume erakartzen dituztenez, azkenean gainezka egiten du espazioak. Horregatik, duela urte batzuk Lapurdi gunean ttikientzako jolas gehiago jarri zituzten, eta harrera onak animatuta bertze urrats bat egin dute, gune berri bat sortuz, bertzeren artean, Irrien Lagunekin.

Berritasun horietaz gain, edalontzi berrerabilgarriak eskainiko dituzte lehendabizikoz, zaborren bilketa selektiboari «indar berezia» emanen diote eta euskoa erabiltzen ahalko da jantzien salmenta standetan.

kontzertuak

Hainbat kontzertu eta talde izanen dira: bestaren kantua egin duen Xutik, 2zio, Anai Arrebak, Hurmurao, Etoumba... Gaskoinatik Familha Arthus Sardiniatik Talco eta Bretainiatik Rhapsoldya etorriko dira.

autobusak

Herri Urratsek autobusak antolatu ditu Ipar Euskal Herriko eskualde nagusietatik Senperera garraioa bermatzeko. Txartel bakoitza 5 euroan salduko da. «herriurrats.com»-en dago informazioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo