GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Behin batean Loiolan

Goiz ederra Loiolan. Freskurak eguerdiko eguzki handiari egin zion tarte eta harekin bizitzaren eztanda frenetikoa gailendu zen. Bere txikitasunean esanahi handiko gertakari eta burutazio asko oparitu zizkidan, eta ohikeria informatiboaz idatzi nahi ez honekin, gisa honetan konpartitu nahi nituzke batzuk irakurleekin.

Urola ibaia gertu-gertu zela aprobetxatuz, ura bere bidean doala jakitun, isil-isil kontenplatzen egon nintzen. Eta jo! mundu bat aurkitu nuen. Amuarrainak, loinak, barboak, ezkailuak, zarboak, igelak... eta uretako hegazti marabilla askoak... lertxuntxo txuri-txuriak, ubarroiak, ahateak, lertxun handiak.. eta denetan perla ikusgarriena, martin arrantzale paregabea. Basabizitza hori dena bostehun metroren bueltan... begien gozagarri, emozioen txundigarri. Ikuskizun mundiala.

Santutegiko lorategi botanikoan promenada egin nuen gero, fruta-arbolen izenak umearekin errepasatuz eta Oteizak Loiolako Inaziori egindako eskulturan txirristan jostakatuz. Jesuita alboan paratu eta gustura egin genuen hitz. Amodioa ikusten zuen Oteizaren obraren muinean, eta benetako amodioa sufritzen dela, isiltzen dela, misterio bat dela ziostan. Eta nik, endorfina eta feniletilaminak, anfetamina natural dosia ere bai, Satanen bulegoa Vatikanon egon litekeela ez dela hipotesi txatxua edo egungo eztabaida politiko publikoari zenbat falta zaion Loiolako pareta haietan eman ziren elkarrizketa haien mailara iristeko... umore onean, bizipozez hizketan ginela.

Gorputzeko pralinak liberatzeko ezinbesteko dudan ebakiaren eta umearen txaka-pintxoaren unea etorri zen gero. Terrazan egunkaria orrikatuz nintzela, EH Bilduk %70-80ko birziklapena bermatuko duen edozein sistema bultzatuko duela irakurtzean, txirrindulari gruppettoa inguratu zen. Eta Indurainekin akordatu nintzen orduan. Nola irabazten zituen tourrak, besteei etapak irabazten utziz! Indurainen bidea oso gustukoa dut, arnas luzean eta urrutiko gogo-miraz ekinez, jokoaren alde jokoa desegitea. Berria pozez hartuta, poz-pozik bukatu nuen goiza. Bizitza liluragarria dela eta bizi-biziki bizitzeak merezi duela, merezi dugula, erabat konbentzituta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo