GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Bizkaibus ez ordaindu» ekimena borrokaren lehen emaitzak batzen hasi da

EHUko Leioako campusera heltzeko Bizkaibusek ematen duen zerbitzua eskasa eta garestia dela salatzeko, Bizkaibus Asanbladak desobedientzia zibileko ekimenak jarri ditu martxan; horien artean, orain arte oihartzun handiena izan duena, «Bizkaibus ez ordaindu».

p016_f02.jpg

Mikel PASTOR | BILBO

Bizi dugun aro politiko honen baitan, desobedientzia zibila gero eta ohikoagoa dela ukaezina da. Duela aste gutxi ehunka gaztek Donostiako Aske Gunean agerturiko duintasun ereduak herrialde osoan barreiatu ditu haziak, tokian tokiko borrokak eta aldarrikapenak ugalduz.

Bide horretan, desobedientzian hain zuzen, dute oinarri Bizkaibus Asanbladak azken asteotan abian jarritako ekimenek. Horien bidez, Bizkaiko Aldundiak, eta, oro har, autobusak gestionatzen dituzten hiru enpresa pribatu azpikontratatuek Leioako campusera bideratzen dituzten baliabide eskasak salatu nahi dituzte.

Hiru alderdi ditu plataformaren kritikak. Alde batetik, Credintrans txartela aipatzen du, hori erabiltzeagatik ikasle bakoitzak 350 euro ordaindu behar dituela ikasturte baten buruan eta hori ikasleentzat diru xahutze itzela dela nabarmenduta. Bigarrenik, autobus horietan bidaiatzeko baldintzak «onartezinak» direla salatzen dute. Zehazten dutenez, erabiltzaile askok zutik eta jendez gainezka doazen autobusetan egin behar izaten dute bidaia. Egoera «penagarri» horrek eraginda zorabioak oso ohikoak direla gaineratu zuen. Azkenik, «autobusen arteko transbordoak kobratu nahi izatea» ere gaitzesten dute, unibertsitatera heltzeko erraztasunik batere ez dela ematen adieraziz.

Borroka anitza

Egoera ikusita, herri eta ikasketa arlo ezberdinetako zenbait ikaslek Bizkaibus Asanblada martxan jartzea erabaki zuten joan den urteko bukaera aldean. Hasieran, kontzientziazio kanpainak eta sinadura bilketak egin zituzten. Asanblada pixkanaka indartzen eta kideak batzen joan zen, lan isil baina etengabea eginez.

Haizeak eta Nekanek, partaideetako bik, GARAri zehaztu ziotenez, Karmelo Garitaonaindia errektoreordea asanblada horietako batera gerturatu eta «modu txarrez, arrazoirik ez genuela eta protesta utzi behar genuela adierazi zigun», azaldu zuten bi neskek.

«Elkarrizketaren bideak agortuta», desobedientzia maila areagotzea erabaki zuen asanbladak. Eserialdien bitarteko errepide mozketak, aurrenik, eta «Bizkaibus ez ordaindu» ekimenaren bitartez, gero. Azken honetan, bidaiaren zenbatekoa ez ordaintzea eta autobusak geldiaraztea lortu zuten zenbait egunetan. Ahoz aho zebilen gaia Leioako ikasleen artean, eta laster iritsi zen agenda politikora.

Egoera ikusita, Bizkaibuseko arduradunek neurri bitxia hartzea erabaki zuten: autobusak unibertsitate kanpoko biribilgunera eramatea. «Gure protestaren oihartzuna mugatu nahi zuten. Era berean, biribilgune horretan unibertsitateak ez du inolako ardurarik, eta Ertzaintza inolako arazo barik aritu daiteke», azaldu zuten bi neskek.

Gauzak horrela, asanbladak Iñaki Goirizelaia errektorearekin batzartzea lortu zuen. Hiru aldarrikapen zituzten: 100 euro gaindituko ez duen urte osoko kostua, edo bidaiako 0,30 euroko prezioa; ontzi-aldatzeen doakotasuna; autobusetan gehienez sar daitekeen pertsona kopurua errespetatzea eta jende gehien biltzen den orduetan autobus gehiago jartzea. Ez zuten akordiorik lortu.

Ez dute etsi, halere. Atzo bertan kontzentrazioa egin zuten Bizkaiko Aldundiaren aurrean, eta ondoren, Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraio diputatuarekin batzartzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Hala ere, Garamendik asanbladarekin batzarra egingo duela agindu du.

KONPROMisoA

Bizkaibus Asanbladako kideak Itziar Garamendi Garraio diputatuarekin batzartzen saiatu ziren atzo, baina ez zuten lortu. Halere, haiekin harremanetan jarriko dela zin egin die Garamendik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo