GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Avironek eta Biarritzek ez dituzte helburuak bete

Zuri-urdinek eta zuri-gorriek ez dute lortu datorren urtean Heineken Kopan aritzeko txartelik.

p042_f01.jpg

Jon LEUNDA

Ezin esan Avironek eta Biarritzek aurtengo denboraldian egin duten lana oso ona izan denik. Baionakoak aurreko urtearen parean ibili dira, nahiz eta helburuak beste batzuk izan, eta Biarritzentzat, berriz, azken hamarkada honetako denboraldirik kaskarrena izan da.

Datorren urtean Heineken Kopan jokatzea zen bien helburua, eta, ahal izanez gero, baita Ligako final-laurdenetan sartzea ere, baina bietako ezer ez dute bete, ez zuri-urdinek, ez zuri-gorriek. Bietan Biarritz zen gorenen ikusten zen taldea, baina zuri-gorriek, nahiz eta abenduan entrenatzailea aldatu zuten, ez dute helburua bete, hasiera itxaropentsua izan zen arren.

Agilerakoen hasiera ikaragarria izan zen, lehen lau jardunaldiak irabaziz eta sailkapeneko lehen postuan kokatuz. Bazirudien aurtengo sasoia bikaina izan zitekeela, baina berehala esnatu ziren zaleak, baita jokalariak ere. Lehen lau partidak jarraian irabazi ostean, ondorengo bostak galdu egin zituen, eta aurrenekoa izatetik sailkapeneko erdialdera pasa zen, aurtengo urtea ere ez zela erraza izango ohartaraziz.

Horren ondotik, oso irregular aritu da. Partida handiak txarrekin tartekatu ditu, eta jaitsierarekin jolasean aritzera ere pasatu ziren, azkenean hortik irteteko modua egin bazuten ere.

Behin jaitsiera saihestea lortu zutenean, eta bajan zituen jokalari kopuru handiena zuen unean, heldu zen taldearen susperraldia, eta denboraldiko azken zatian izan da zuri-gorrien boladarik onena. Hala ere, ezin izan dute lehen zazpien artean sartu, eta Europan ere gauza handirik egin ez dutenez, datorren urtean European Amlin Challenge jokatzearekin konformatu beharko dute, azken orduko ezuste handirik ez bada, behintzat.

Avironi buruz ere gauza bera esan daiteke. Lapurdiko hiriburukoek taldea indartu egin zuten, eta lehen zazpien artean amaitzea zen helburua, horrela datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko txartela lortzeko. Horretaz gain, lehen seien artean sartze hori ere ez zuten baztertu nahi, Ligako final-laurdenak jokatzeko, baina ez zuten ez bata ez bestea lortu.

Ligako zati batean baino gehiagotan jaitsierako azken postuan kokatuta ere egon zen, baina gero hortik irtetea lortu zuten, eta denboraldiko azken partidak lasai igaro dituzte. Amaiera ona ere egin dutela esan daiteke.

Berri txarrak ere izan ditu; izan ere, abenduan, Carrillok, jokalari zuri-urdinak, bihotzekoa izan zuen partida bat hasi aitzin berotzen ari zela. Zorionez, horri buelta eman, eta une honetan bizimodu normala egiteko moduan da jokalari lapurtarra.

Sailkapenari begira jarrita, aspaldian ez bezala, aurten Aviron Biarritzen aurretik geratu da, eta, gainera, zuri-gorriek ezin izan dute aurtengo derbietako bat bera ere irabazi. Baionako taldeak zortzigarren postuan amaitu du. Jokatu dituen 26 partidetatik 12 irabazi ditu eta bat, berdindu. Galdu, berriz, hamahiru galdu ditu, eta zazpi puntu gehigarri lortu ditu Baionako taldeak. Amaieran 57 puntu eskuratu ditu.

Biarritzen zenbakiak ere oso tankerakoak izan dira. Baionarrek baino postu bat atzerago amaitu dute, bederatzigarren, alegia, 57 punturekin. Jokatutako 26 partidetatik 12 irabazi dituzte, eta 13, galdu; berdindu, berriz, bakarra berdindu dute. Zazpi puntu gehigarri lortu dituzte, eta guztira 57 puntu batu ditu Agilerako taldeak. Beraz, zenbakiei begiratuta, berdin-berdinak izan direla ikusten da. Bien arteko neurketetako zenbakiak, ordea, Avironenak hobeak izan dira, eta horri esker geratu da Biarritz baino postu bat aurrerago. Beraz, Avironen kasuan, hasierako helburuak erabat bete ez diren arren, aspaldiko partez auzoko taldearen aurretik geratzeak poztasun handia eman die. Biarritzen kasuan, berriz, alderantzizkoa. Orokorrean ia dena oker atera baldin bazaie, Avironen atzetik geratzeak ere grazia handirik ez zien egingo. Hemendik aurrera zeintzuek jarraituko duten, zeintzuk joango diren, eta nortzuk etorriko diren jakiten hasiko gara, hurrengo denboraldiari begira.

Aspaldiko partez

Aspaldiko partez, Aviron Biarritzen aurretik geratu da aurtengo denboraldian. Biek batutako zenbakiak berdinak izan dira, baina bien arteko neurketetan lortutako emaitzei esker, baionarrak aurretik geratu dira.

Europan ere ez dira nahi bezala aritu

Liga gauza bat izaten da, eta beste bat Europako lehiaketak dira. Hor Biarritzek erronka handia izaten du. Heineken Kopako lehen fasea gainditzea ia ezinbestekoa baita Agilerako taldean, baina bigarren urtez jarraian, berriro ere, ez dute helburua bete.

Ligan egin zuen bezalaxe, lehen fasean ez zen batere fin aritu Biarritz taldea, eta horrek ez zion bigarren postua baino aurrerago geratzen utzi. Lehen fasean sei multzo izaten dira, eta horko onenek zuzenean lortzen dute final-laurdenetarako txartela. Bere multzoan bigarren izan zenez, Biarritzek ezin izan zuen bere hasierako helburua bete.

Bigarren geratzen diren bi onenek ere lortzen dute Heineken Kopako final-laurdenak jokatzeko txartela, baina hor hirugarren geratu zen, eta hori ere ezin izan zuen lortu. Hala ere, Amlin European Challengen sartzeko aukera eman zion. Iaz ere gauza bera gertatu zitzaion, eta Europako bigarren lehiaketa irabazi egin zuen. Txapelketa hori irabazteak, gainera, datorren urtean Heineken Kopan sartzea esan nahi du, eta iaz bide horretatik lortu zuen aurten Europako lehiaketarik garrantzitsuenean aritzea.

Final-laurdenak erraz gainditu zituen Biarritzek, baina finalerdietan norgehiagoka txarra egin, eta finaletik kanpo geratu zen, denboraldiari amaiera txarra emanez.

Aviron, berriz, European Amlin Challenge jokatzen aritu da, eta Baionako taldeak ezin izan du lehen fasea gainditu. Hala ere, lan txukuna egin zuen, eta ez zuen izan bere helburua oso aparte, baina azkenean bere multzoan bigarren geratu zen, eta ezin izan zuen final-laurdenetara sailkatu. Hala ere, Avironen helburu nagusia ez zen European Amlin Challengen lortzea Heineken Koparako txartela, Ligan baizik, baina ez dute lortu ez batean ez bestean, eta Amilen jarraitu beharko du. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo