GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Kataluniako Parlamentuaren adierazpena baliogabetuta, herri apustuari eusteko erronka

B ost hilabeteko epean ebatzi behar du Auzitegi Konstituzional espainolak Kataluniako Parlamentuak joan den urtarrilean onartu zuen burujabetza adierazpena Konstituzioaren aurkakoa den ala ez. Esanguratsua da, nolanahi ere, adierazpena behin-behinean baliogabetu izana, Estatu espainolak auzi horretan abantaila berreskuratu nahi izango balu bezala, inposizioaren harresia gainditzeko Kataluniako herritarren borondatea alferrikakoa dela erakutsi nahian. Betiko argudio amarrutsura jo du Konstituzionalak: Kataluniak ez du subiranotasunik, haren subiranotasuna «espainiar nazio» osoarena omen dela-eta. Baina amarru hori dagoeneko gainditua du jendarte katalanak, eta orain bere apustuari eusteko erronka du aurrean. Ikusteko dago hango indar politikoak borondate hori gauzatzeko bidean aurrera egiteko gauza diren. Hala balitz, Estatu espainolak erronka handiago bati aurre egin beharrean ikusiko luke bere burua. Hartarako, ordea, indar katalanek oso argi izan behar dute zein duten helburua, jendarteak behin eta berriz eskatutako moduan erabakitzeko eskubidea mugarik gabe gauzatzea ala helburu hori alde batera utziko luketen negoziazioak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo