GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Pablito

Mundua lepoa gorantz bihurtuta behetik begiratzeak, apaltasuna dakar berez. Baimena eskatuz bezala bizi da txikia, batzuetan umil antzera eta suminez besteetan, baina oinarrian beti dago munduari diagonalean so egiteak sorrarazten duen bertigoa, zorabioa. Txikiak badaki zer den beste txiki guztien zaku berean bizitzea, zakuaren itxitasun derrigortuan gatibu egotea. Eta horregatik beste txikiak txeraz tratatzen ditu, elkartasun etsituaren begirada eztiarekin. Bi bider egin behar ditu txikiak gauzak, lehena egitearren eta bestea erakustearren. Ulertua izateko eskuak birritan mugitu behar dituen mutuak bezala, txikiak bere gaitasuna oihukatu behar du, txikiaren berezkotasuna ezina dela uste baitu munduak.

Pablito aurpegia minez zimurtua, lurrean espantuka ikusi nuenean, hau guztia oroitu nuen. Inork ez du inoiz Pablito txapeldun baten gisan ikusi, eta izenak inork uste baino garrantzi handiagoa dauka. Akaso Pablo izan balitz, diminutiboaren karga zikiratzailerik gabe. Baina Pablito da, eta berdin dago pozik pilota batekin edo bestearekin, bikotekide bat egokitu nahiz bestea, han edo hemen jokatu: ez du inoiz bere txikitasunaren umiltasuna galtzen. Berezkoa duelako, ez ikasia, ez antzeztua. Nekez aurkituko duzu bigarren koadroaren barruan hura baino artistagorik; arerioaren asmoa aurreikusi, dantzari airean mugitu, eta eskumuturra bihurrituz goxo eta delikatuki pilota justu behar den tokian uzteko maisu trebeagorik. Baina aurtengoa zuen lehen finala. Zeren eta txapeldun konpletoa izateko ez baita nahikoa artista hutsa izatea, ezpada gizartearen estandarrek agintzen duten gorputz (eta adin) adonisiakoa izatea, Aimarrek edo Irujok bezala: talentua, planta, sinesmena, jarrera. Baina Pablito ez da Pablo, Pablito baizik. Gure txapelik gabeko txapeldun ttattarra.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo