GARA > Idatzia > Euskal Herria

Madrilek eta Parisek «inboluziorako bidea» hartu dutela diote soberanistek

GARA | DONOSTIA

Euskal Herriko alderdi soberanistek Madril eta Pariseko agintarien jarrera gogor kritikatu zuten atzo. Horien iritziz, euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak amaiarazteko eskaerak gizartean adostasun zabala biltzen badu ere, «oraindik ez da nahikoa izan immobilismotik inboluziorako bidea egiten ari diren Espainia eta Frantziako gobernuen jarrera itxia mugiarazteko».

Prentsaurreko batean, Ainhoa Beolak (Aralar) eta Andrea Uñak (Ezker Batua) Donostiako hirigunean bildutako alderdiek -Sortu, EA, Aralar, EB, Alternatiba, Gorripideak, Eusko Ekintza eta Euskal Herriko Komunistak- maiatzaren 18rako Herrirak deitutako ekimenekin bat egiten dutela nabarmendu zuten.

«Izan ere, bada garaia pertsona guztien oinarrizko giza eskubideak errespetatuak izan daitezen, baita preso daudenenak ere, eta euskal jendarteak desio duen behin betiko konponbide eta bake agertoki bat eraikitzeko urratsak egiteko», aldarrikatu zuten.

Alde horretatik, azaldu zuten premiazkoa dela gaixotasun larriak pairatzen dituzten presoak askatzea, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak uztailean errefusatu zuen 197/2006 doktrina bertan behera uztea eta astebururo milaka euskal herritarren eskubideak urratzen dituen sakabanaketa amaitzea.

Bukatzeko, bildutakoek, giza eskubideen, konponbidearen, bakearen eta indarrean dagoen espetxe politikaren aldaketaren aldeko konpromisoa berresteaz batera, hilabete honetan izango diren ekimenetan parte hartzeko deia egin zioten gizarte osoari. «Herritarren protagonismoa aldarrikatzen dugu. Elkarlanaren bidez, ate berriak zabalduz, gatazkak eragindako ondorio guztiak konponduz».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo