Leioako Umore Azokak 13 estreinaldi eskainiko ditu
GARA | LEIOA
Umore Azoka-Kaleko Artisten Azokak 54 ikuskizun eskainiko ditu, eta horietatik 13 erabateko estreinaldiak izango dira. Orotara 120 emanaldi izango dira maiatzaren 16tik 19ra gauzatuko den ekimenean, eta 40.000 lagun inguru ekarriko ditu Leioara, ikusle zein Arte Eszeniko alorreko profesionalak aintzat hartuta.
Azoka «kaleko arteen alorrean lan egin eta sortzen dutenen artean guztiz finkatutako egitasmoa» dela nabarmendu ondoren, ekimenaren feria izaera ekarri zuen gogora, atzoko prentsaurrekoan, Leioako alkate Mari Carmen Urbietak, eta «kaleko arteen industriaren garapena indartzeko asmoa» duela azpimarratu zuen. Horrez gain, «kaleko artistek arte eszenikoei egiten dioten berebiziko ekarpena» agerian jartzeko ere baliagarria da Leioako hitzordua.
«Edizio honetarako bi gune berri prestatu ditugu, Elexaldeko errota eta skate parkea hain zuzen», azaldu zuen Azokako zuzendari Ana Lopez Asensiok. Gainera, beste bost gune prestatu dira lehen aldiz ikuskizunak hartzeko erabiliko den Pinosolo parkean. «Pinosolo apustu garrantzitsua da guretzat, espazio zabala eta natura aldetik aberatsa delako».