Patxi Salbidek oinez ibili nahi du hondartzan, eta ibiliko da
Istripu batek aulki batean utzi zuen Patxi Salbide donostiarra. Bizkarrezur-muineko lesioa du, baina argi dauka berriro ere oinez ibiliko dela. Martin Berasategui eta Arantza Kalzada lagunekin solasaldia bildu du «Soy un lesionado medular... pero volveré a caminar» liburuan.Ane ARRUTI | LASARTE-ORIA
«Kontxako hondartzan oinez ibiltzea aurreikusita daukat, oinekin ura sentitzea. Nire aurreikuspenak epe luzera dira, baina uste dut, inguruan bildu dudan talde `basatiarekin', uste baino lehenago lortuko dudala», esan zuen atzo Patxi Salbidek, eta gauza bera errepikatzen du Erein argitaletxearen Haran sailean argitaratutako «Soy un lesionado medular... pero volveré a caminar» liburuan. Argi ditu helburuak; lagunez gain, alaba eta emaztea ditu alboan: «Bizi naizen artean nire denbora, dirua eta esfortzua eskainiko ditut lesio honen ondorioak konpontzeko terapiak bilatzeko».
Hamabost urte daramatza Salbidek oinez ibili ezinik, bere motorrak edanda zihoan gidari baten autoaren kontra jo zuenetik. Istripu hark erabat aldatu zion bizimodua donostiar honi, «zilindrada handiko motorrak probatu eta saltzetik, bizkarrezur-muineko lesioaren ondorio katastrofikoak ikertzera eta konpontzera (amesten jarraitzen dut) pasa nintzen», gogoratu zuen.
Liburuko lehenengo kapituluan, «biluztu» egiten da Salbide, bere sentipenak azaltzen ditu, gehienok normalean galdetzera ausartzen ez garen bizipen eta emozioak.
Esperientzia hori bi lagunekin konpartitzen du ondoren. Martin Berasategui sukaldaria batetik. Donostiako Parte Zaharreko kale berean jaio ziren biak eta ondo ezagutzen dute elkar. «Hegoak eduki izan ditu beti, sekula ez aingurak», azpimarratu zuen bere Lasarte-Oriako jatetxean egindako aurkezpenean. «Beti bilatu izan du zerbait gehiago, beti egin du aurrera», gaineratu zuen.
Bestetik, Arantxa Kalzada kazetaria batu zaie solasaldira, hau ere Salbideren bizilaguna. «Muga zuk jartzen duzu» testua idatzi du Kalzadak, edozein probatarako prest dagoen Salbideren «gorputza nik jartzen dut» esaldiari erantzunez. Izan ere, ospitalez ospitale, munduko punta batetik bestera dabil donostiarra, oinez ibiltzeko itxaropenik galdu gabe. «Ezarri dizkidaten terapia guztiak onuragarriak izan dira, ez soilik lesio honen menpe dagoen gorputzaren gainbehera gelditzeko, baita galduta nituen funtzionalitate batzuk zertxobait errekuperatzeko ere».