Aguxtin Alkhat
Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
Ez da lehenengo aldia izan disko bat Internet bidez erosten dudana, munduko Amazon guztiak aberastu eta gero, nire ekonomia asko hobetu da diskoak deskargatu eta konpartitzeari lotsagabeki ekin nionetik. Eta jakina hau ez da azkena izango, Interneten diskoak erosten eta musu truk deskargatzen jarraitzeko asmoa baitut. Hori argi utzi ondoren, hauxe da galdera: baina formatu «ukigarrian» ala digitalean?
Hainbat arrazoi medio, batez ere, binilo, CD eta kasetez betetako etxe txiki bat, azkenekotan formatu digitalaren alde egin dut. Eta oso gustura nenbilen iTunes eta enparauak ustiatzen. Beste urrats bat baino ez zen CDak erakutsi zigun formatu zabarraren bidean. Hala da, praktikotasuna edertasunari gailentzen zaio musikazale pobrearen etxean.
Gertakizun txiki batek, ordea, CDan neukan konfiantza apurra berpiztu eta begiak zabaldu dizkit: deskargatutako inongo kantu sortak sortzen dizun emozioa, ezin da parekatu gogoz erositako diskoa jasotzetik, irakurgailuan (CD, tokadisko...) jartzerainoko bidean, sumatzen dituzun sentsazioek eragiten dizutenarekin. Jaso, ukitu, zabaldu, usaindu... horiek ezin dituzu, oraingoz, modu digitalean egin.
Horregatik, ez naiz damutu Aguxtin Alkhaten «Ihes Egin» diskoa erosi izanaz. Hori gozamena, postara iritsitako paketea zabaldu, diskoari plastikozko zorro alua kendu... protokoloaren urrats guztiak bete, presarik gabe. Hori gutxi ez-eta, diskoarekin batera, berau erosteagatik eskerrak emateko argazki bat zuri-beltzean eta hiru hitz, zintzilikario polit batean. Mila esker zuei, kantuak ontzeaz gain, halako lanak hartzeagatik.
Erosle hutsak baino askoz ere gehiago garela gogorarazi dit maitekiro egindako lan txiki batek.