ARGIA | Unai Brea, 2013/5/10
Afganistango gerraren benetako arrazoiak
(...) Arcadi Oliveresek gauza asko esan zituen [Gasteizko Energia Jardunaldien bigarren hitzaldi saioan], ez beti energia ereduekin lotutakoak -berak hasieratik ohartarazi zuenez- baina bai biziro interesgarriak. (...)
Haren hitzaldi oparotik koska bat nabarmendu nahi dut: bost minutuan eman zigun geoestrategia lezio azkarra. Bartzelonan, duela urte batzuk, denbora gutxian gerraren kontrako manifestazio bi egin zirela gogorarazi zuen: Irakeko gerraren aurkakoa bata, Afganistangoaren aurkakoa bestea. Jendetza ikaragarria lehenengoan, hagitzez ere txikiagoa bigarrenean. Oliveresen esanetan, oso ongi asmatu zuen estatubatuar administrazioak Afganistangoa saltzen, hiru aitzakia emanda: emakumeen egoera hobetzea, heroina trafikoa geldiaraztea eta Bin Laden bilatzea.
Hiru argudio horietako bakoitza di-da batean desmuntatu zuen Oliveresek: hamarkada bat eta gero, emakumeen egoera ez da hobetu, kontrakoa baizik; heroina trafikoa bost halakotu da -merkatu beltzeko burua Hamid Karzai presidentearen anaia izan zen, 2011n hil zuten arte-; eta Bin Laden atzeman zuten, bai, baina Pakistanen.
Afganistango konkistaren -nirea da hitza, ez Oliveresena- ez baitzen izan beste konkista guztiena baino: baliabide naturalen kontrola. (...)