GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aitor Irigoien | Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan Lizentziaduna

Begirada bat: erosi ezin dena

 

Duela hilabete batzuk, kalean nindoala, futbolean taldekide izan nuen baten aita ikusi nuen, oinez, errepidearen beste aldean. Berak ez ninduen ikusi. Ni, aldiz, segundo batzuk begira geratu nintzaion. Izan ere, zerbait antzeman nion aurpegian; zer edo zer berezia azaltzen zuen begirada hark: zoriona, patxada, apaltasuna, lasaitasuna... argitasun moduko bat. Bide batez, hausnarketarako bide eman zidana.

Bizitza osoan langile fina izandakoa, jubilatu berria zegoen, pentsio minimoarekin. Barne-barneraino sartu nahi diguten sistemako goialdekoen begietan, ezer handirik lortu ez duen beste giza «baliabide» soil bat izango da ziurrenik. «Arrakasta» deitzen duten hori ezagutzera iritsi ez den «galtzaile» bat; zerrenda luze horretako beste bat. Orain pentsio eskas batekin ahal duen bezala bizirautera mugatuko dena. Hots, «erabili eta bota» leloaren beste biktima bat.

Nik, aldiz, zerbait handia antzeman nion egun hartan. Zer dela eta, ordea?

Ez zuen inoiz ondoren itzuli ezingo zuen mailegurik eskatuko, etengabe sortzen dizkiguten behar artifizialen jokotik at mantenduz une oro. Ez zenuen luxuzko kotxe handiak gidatzen ikusiko, ezta jatetxe garestienetatik irteten ere. Inoiz burtsan inbertitu gabea, espekulazio eta burbuila finantzario moduko hitzak komunikabideetatik ezagutuko zituen. Bere erretiro egunean, ez zitzaion bizitza osorako soldatarik geratuko, ez eta milioi ugariko erretiro berezirik ere. Bere seme-alabek ez zuten unibertsitate pribatu garestienetan ikasiko, ezta hemezortzi urte bete bezain laster opari gisa kotxe berria jasoko ere. Ez zioten lehentasunezko traturik emango banketxeetan edota herriko establezimenduetan. Ziurrenik ez zuen jakingo paradisu fiskalak non dauden, nolakoak diren, eta are gutxiago nola iristen den haietara.

Baina begirada hark bazuen azkenaldiko berri gris, perspektiba ezkor eta bisaia goibelen artean, ezohikoa bilakatu den zerbait. Guztioi pixkanaka-pixkanaka erauzten ari zaizkigun hori. Eta, egia esan, sakon aztertuz gero, azkenaldian pairatzen ari garen egoera ez da ez gutxiagorako:

Hamarkada luzeetan lortutakoa, eraikitakoa, egun gutxi batzuetan atzera botaz, oinarrizko behar guztietan murrizketak, bata bestearen atzetik, aplikatzen ari dira: osasun sisteman, hezkuntzan, gehien behar dutenei laguntzera bideratutako nazioarteko kooperazioan, gastu sozialean, euskaran, kulturan... Boteredun eta dirudunei gutxien interesatzen zaien horretan guztian, alegia. Eta inolako eskrupulorik gabe gainera, jubilatuen urteroko txango eta bazkaritarako dirurik ez dagoela esateraino ausartuz. Egoera horiek eragin dutela aditzera eman nahian bezala.

Etengabe, mugarik gabe, gorantz eta gorantz doan langabezia tasa. Kaleratzeak erraztu eta lan baldintza oro kaskartzea soilik ondorioztatzen duen Lan Erreforma.

Oinarrizko produktu eta zerbitzuen (janaria, ura, argindarra..) garestitze jarraitua.

Gero eta biztanle gehiagorengana, abiadura bizian, zabaltzen ari den pobrezia. Gero eta nabariagoak diren gizarte desberdintasunak. Gero eta gertuago.

Etxe kaleratzeen drama, eta horrek eragiten dituen ondorio larriak.

Lan aukeren faltan, %50etik gorako langabezia tasak bultzatuta, etsipena lagun maletak egin eta atzerrira joan beharrean aurkitzen diren gazteak.

Ustiapenean espezializatutako multinazional erraldoien txotxongilo soil diren nazioarteko erakunde zein gobernuak. Erakunde publiko nagusien jarduna gidatzen duen interes (diru) pribatua.

Doakoa eta unibertsala izan beharko lukeen sistema publikoa ezabatu eta pribatizazioak sustatzeko diseinaturiko politikak.

Herritar arruntak zigortu eta errenta zein fortuna handiak salbuetsiz, fraude fiskala bideratzen duen alderantzizko fiskalitatea.

Guztion dirutik entitate finantzarioak erreskatatzeko bideratutako milaka milioiak.

Herritarrontzat beharrezkoak ez diren azpiegitura erraldoietan zein gastu militarrean xahutzen jarraitzen den dirutza.

Agintari zein alderdi nagusien handizaletasuna, eskandaluzko dietak, korrupzioa eta itxurakeria. Elkarlanean aritzeko eta irtenbideak aurkitzeko borondate falta.

Egoeraren larritasuna nabaria da, baina are arduragarriagoa iruditzen zait honen aurrean gure gobernu eta agintariak hartzen ari diren jarrera. Edo hartzen ari ez direna. Arazoak konpontzera baino, arazoak handiagotzera eta ugaritzera daramatenak.

Baina, errealitate gordin honen guztiaren gainetik, hasieran aipatu dudan begirada harekin geratu nahiko nuke. Gauzak zuzen egin izanak ahalbidetzen duen duintasuna, kontzientziaren lasaitasuna, gertukoen zein ondoan dituzunen maitasuna eta begirunea islatzen zituena. Hori bakarrik. Hori dena.

Begirada bat. Merkatuen mundu honetan ondasun edo diruaren bidez eskuratu ezin dena. Egun eros ezin den gauza apurrenetariko bat. Itxaropenaren sugarra oraindik ere bizirik mantentzen dela gogorarazten di- guna. Gizarte juxtuago eta guztiontzako bat posible dela erakusten duena.

Azken batean, munduari beste era batera begiratzeko begirada bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo