GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

«Mihiluze» saioak agur esango du, zortzi denboraldiren ostean Caída

Zortzi denboraldi eta 1.117 saio egin ostean, Kike Amonarrizek eta Ilaski Serranok aurkezten duten ETB1eko «Mihiluze» programak agur esango dio bere ibilbideari festa handi batekin. «Biba Mihiluze!» saio berezia datorren asteazkenean emango dute, ohiko orduan, 21.15ean.

p061_f02.jpg

Koldo LANDALUZE | DONOSTIA

«Biba Mihiluze!» umorez, lehiaz eta dibertsioz beteriko saioa izango da. Bertan, Realeko Asier Illarramendi eta Iñigo Martinez futbol-jokalariak, «Goenkale»-ko Maitena Salinas eta Miren Gaztañaga aktoreak, eta Abel Barriola pilotaria eta Inaxio Perurena harri-jasotzailea ikusiko ditugu parte hartzen.

«Mihiluze»-ren azken saio honek urte hauetan guztietan programa jarraitu duten ikusleak ere omendu eta saritu nahi ditu, eta azken Zakua ikusleen artean banatuko da. Horretarako, «Mihiluze»-ko ikusleek Eitb.com atarian saioari eskainitako webgunean sartu behar dute eta hiru famatu-bikote horietatik finalera nor iritsiko den esan. Asmatzen dutenen artean zozkatuko da Zakua. Irabazlearen izena Eitb.com-en iragarriko da «Biba Mihiluze!» saioaren ostean.

Hori dela-eta, gonbidatu famatu hauek erantzukizun handia izango dute, eta finalera iristen eta ahalik eta erantzun gehien asmatzen saiatu beharko dute, beraien aldeko botoa eman duten «Mihiluze»-ko ikusleen artetik batentzat lortu beharko baitute azken Zakua.

Ez dira, ordea, hauek izango «Biba Mihiluze!» bisitatuko duten gonbidatu bakarrak. «Mihiluze»-ko historia luzean bidelagun izan dituzten beste hiru lagun ere ikusiko ditugu. Aitziber Garmendia, Asier Hormaza eta Sara Cozar aktoreak. Beraiek lagunduko diete hiru bikote ezagunei «Mihiluze»-ko Ginkana egiten. Gainera, zortzi denboraldi eta 1.117 saioetako une hunkigarri, dibertigarri eta berezienak gogora ekarri, eta 'Mihiluze' nola egiten den ikusiko da. Bere historiaren errepasoa egingo da.

2006ko otsailaren 2an ikusi genuen lehen aldiz pantailan «Mihiluze», ordu eta erdiko formatuan. Orduan lehiakideek hirunaka jokatzen zuten, eta hainbat proba eta tartez osatzen zen programa. Zortzi denboraldi egin ditu ordutik. Euskal Herri osoko lehiakideak pasa dira bertatik urte hauetan guztietan: 2.400 lagunetik gora.

Urte hauetan une garrantzitsuak ere bizi izan ditu Orio ekoiztetxeak eginiko lehiaketa honek. Besteak beste, Argia saria lortu zuen 2008. urtean, edota 2011. urtean, 17. Korrikaren mezua idatzi zuten «Mihiluze»-ko aurkezleek eta azken kilometroan lekukoa eramateko ohorea izan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo