Diagnostiko bat haur eta gazteen osasunari, baita euskararenari ere
Haurtzarotik gaztarorako etapari begira hainbat gai jorratu zituzten Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen biltzarrean, maiatzaren 10 eta 11n. Euskal Herriko Lehen Mailako Pediatria Elkartearekin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin antolatutako batzar honek eman duenarekin kontent daude, bai parte-hartzearekin bai kalitatearekin.
Maider IANTZI
Hunkigarria izan zen 23. Osasun Biltzarraren hasiera, Ander Arrazola kidea omendu baitzuten. Duela urte batzuk hil zen sendagile donostiar hau. Nafarroan lan egin zuen beti, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko partaide izan zen hastapenetatik eta anitz eman zion hizkuntza honi.
Ehun profesional inguru bildu ziren Iruñeko Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolan, gehienbat pediatrak. Koldo Miranda Orella erradiologoak eman dio GARAri bilkuraren berri. Kontatu duenez, euskarari ere egin zioten diagnostikoa paziente bat balitz bezala: «Biltzar hau posible izateak Iruñean, Nafarroako osasuneko profesional askorekin, esan nahi du euskara mantentzen dugula, bizirik eusten diogula. Halere, Fernando Reyk hitzaldia eman zuen gai honi buruz eta ezkorra izan zen; hori izan zen behintzat entzuleon sentsazioa».
Rey Iruñeko mediku eta itzultzailea da, eta azaldu zuen gero eta euskaldun gehiago garela, euskarazko arreta izateko arazorik ez dagoela, baina gero euskara ez dagoela nahi bezain indartsu. Mota anitzetako arazoak aipatu zituen: bat hizkuntzaren kalitatea da, bi medikuren artean termino teknikoak erabiltzean, edo pazienteekin. Batzuetan ez dakite nola adierazi, esaterako, «le escuece». Administrazioak ere ez duela bidea errazten gaineratu zuen hizlariak, baina ondorio bat atera zuen: «Gure esku dago. Euskara kalitatezkoa ez izan arren, erabili behar dugu, errua besteei bota beharrean».
Biltzarrean erakutsitako euskara hagitz ona izan dela nabarmendu du Mirandak: «Jendeak ongi hitz egin du, euskara teknikoa ere oso ona izan da. Baditugu baikor izateko arrazoiak».
Prebenitu, diagnostikatu, konpondu
Hiru mahai-inguru izan zituzten: lehenengoan etorkizunari begira jarri ziren, prebentzioa lantzeko. Alderdi sozioekonomikoek haurren osasunean zer nolako eragina duten hausnartu zuten. Adibidez, 2002an Argentinan «corralito»-a zela-eta haur jaioberrien pisua anitz jaitsi zen. Bigarrenean diagnostikoa landu zuten. Bertzeak bertze, elikagaien alergietarako tratamendu berriak jorratu zituzten. Euskal Herriko Lehen Mailako Pediatren Elkarteko Txabi Txakartegik azaldu duenez, ume batek janari bati alergia ziola detektatuz gero, produktua kentzen zitzaion lehen: fruitu lehorrak izan, arrautzak, edo horien aztarnak. Orain, berriz, arrasto horiek ongi jasotzen baditu, pixkanaka eman egiten zaizkio, nahiz eta analisietan alergia duela agertu. Duela lauzpabost urte hasi ziren tratamendu honekin, batez ere saihesteko zailak diren elikagaiekin, esnearekin eta arrautzekin, eta emaitzak onak dira. Pediatrak adierazi duenez, tentuz egiten da, ospitalean, eta gutxika gorputza alergia dion gauzari ohitzea lortzen da.
Nahiz eta ongi prebenitu, gaixotasunak diagnostikatzen direnean neurriak hartzeko tenorea da eta hori izan zen azken solasaldiaren xedea: konponbidea martxan jartzea. Bioetikaz hitz egin zuten, adingabeek osasunean duten autonomiaz. Koldo Martinez medikuak aitortu zuen sarri galdetzen diotela beren buruari operazio bat egiteko nori eskatu behar dioten baimena, gurasoei edo gazteari. Badago adin muga bat finkatuta: 16 urte. Hortik aitzinera gazteak baimena emateko gaitasun osoa du eta berez sendagileak ez du gurasoen iritzia kontuan hartu behar. Halere, Martinezek dioenez, egoera aztertzea komeni da.
Bukaeran, euskarazko osasunarekin lotura duten argitalpenak sustatzeko Agote saria eman zieten Iker Badiola eta Edurne Alonsori, «Giza Histologia» lanagatik, eta Sagrario Aleman euskaltzainak itxi zuen biltzarra ipuin batekin.
Pediatra, familia mediku eta bertze espezialitateetako profesionalak pubertaroaren hasieraz mintzatu ziren: noiz gertatzen den, zein diren adierazleak, non dauden «normaltasunaren» mugak eta noiz hartu behar diren erabakiak... Han izan zen Euskal Herriko Lehen Mailako Pediatren Elkarteko Txabi Txakartegi. GARAri azaldu dionez, nesketan, titiek erakusten dute pubertaroa iritsi dela; mutiletan, aldiz, testikuluek lau mililitroko edukiera izateak. Goiztiarra izanen litzateke neska bati titiburuak 8 urte baino lehen haztea eta mutil bati barrabilak 9 urte bete aitzinetik. Eta berantiarra izanen litzateke 13 urterekin titiburuak ez haztea eta 15ekin, barrabilak.
Nesketan anitzez ohikoagoa da pubertaro goiztiarra eta mekanismo fisiologikoekin egoten da lotuta normalean. Mutiletan arraroagoa da eta tumore batek edo bertze kausa batzuek eragina izan daiteke. M.I.